Begoñako lehenengo futbol partidak (1915)

bertonaldizkaria 2013ko uzt. 30a, 10:13

Artxiboetan begiratuta topatu ditugun futbol partidarik zaharrenak 1915eko Santutxuko jaietan jokatu zituzten. Santutxuko futbol taldeak antolatu zituen.

 

Datorren hilean, abuztuan, ehun urte beteko dira San Mameseko futbol zelaia zabaldu zenetik. Gauza jakina da egunotan San Mames barria martxan dagoela, zaharraren lekukoa eta lekuaren zati bat noiz hartuko. Bada, futbola nahikoa kontu berria zen gurean XX. mende hasiera hartan. Lehenengo hamarkadan klub gutxi batzuk eratu ziren Bizkaian (Athletic, Bilbao FC, Unión, Arenas…), zaletu gehienak oraindik nahikoa zutelako landa batean geratu eta elkarren aurkako partiduak jokatzearekin. Baina bigarren hamarkadan, hein handi batean San Mamesek –eta Athleticen garaipenek- emandako sakadaz, hamaika futbol talde sortu zen: Deusto (1913), Basconia (1914), Erandio (1915), Sestao (1915), Barakaldo (1917)…

Kirol berriaren zaletasuna gurera ere zabaldu zen. Begoña oraindik ere udalerria zen eta bere baitan futbol elkarteak jaio ziren. Ezagutzen dugun zaharrena, Santuchu FBC (Santuchu Foot Ball Club), gaur egungo Santutxu FC alegia. 1914an sortu zuten, baina baliteke arinago ere bestelako talde edo ekiporik egon izana.

Bada, Santuchu FBCk 1915ean kirol-egitaraua prestatu zuen Santutxuko jaietan egiteko. Ekitaldi guztiak aurrera eraman ahal izateko diru laguntza eskatu zioten Begoñako Udalari eta hari esker jakin dugu partidu haien berri. Gervasio Pachecok –Santutxuko futbol taldeko lehenengo lehendakariak- sinatu zuen eskabidea. Bertan zehaztu zuenez, klubak “con motivo de la repetición de la festividad de Nuestra Señora del Carmen ha organizado para el día 18 de julio los festejos siguientes”. Eta jarraian, kirol programazioa xehe-xehe azaldu zuen: Goizeko 8:30etan, futbol partidua Santutxuko eta Basconiako ordezko taldeen artean, 12etan, zaku lasterketa, 3etan, kros lasterketa, 4etan futbol partidua Santutxuko eta Miserikordia Etxeko ume taldeen artean eta, azkenik, 5etan, eguneko ekitaldi nagusia: “gran partido de foot-ball entre los primeros equipos de esta sociedad [Santutxu] y el Bambino”. Bambino hura Bilboko kluba zen, garai hartan nahikoa ospetsua.

Egitarauari ondo erreparatuz gero, ondorio bi atera litezke. Batetik, futbolaz gain, zaku lasterketa eta krosa antolatu zutela. Krosa, gainera, Begoñako bazter gehienetan barrena ibili behar zen: Basarratetik irten eta Iturriagatik gora foralen etxe zaharretik herriko plazaren gaineraino. Udaletxeari buelta eman eta plazatik errepidera atera eta Zabalbideko pilotalekuraino jaitsi. Bertatik igo Santutxuko errepidetik eta zeharkaletik Basarrateraino. Oso ohikoa zen lehenengo futbol talde haietan bestelako kirol atletikoekiko atxikimendua.

Bigarren ondorioa: Santutxu futbol taldeak egitura sendoa zuen. Hiru partidu antolatu zituen eta hiruretan bere ekipoek jokatu behar zuten. Beraz, bazeukan lehenengo ekipoa, ordezkoena (bigarren taldea) eta umeena. Ez zen makala garai hartarako. Zoritxarrez, ez zuten inon azaldu non jokatu behar zituzten partidu haiek. Gomutan eduki Santutxuk 1924an zabaldu zuela Landaorlegiko futbol zelaia. Arinago non jokatzen zuten? Basarraten bertan agian?

1916an ez

Begoñako Udalak 25 pezeta eman zuen, diru-laguntza modura. Baina ondoren klubaren eta udal arduradunen arteko harremana mikaztu zen eta, hurrengo urtean, 1916an, klubak eskabide berdina egin zuenean, Begoñako Udalak ez zuen lagundu. Futbol-zaleek zer edozer susmatuko zuten, eskabidean bertan azaldu zutelako 1915ekoa oso arrakastatsua suertatu zela eta orduan diru laguntza eskaera ez zutela gehiago azaldu “por mor de la brevedad”, baina begi bistakoa zela kirol atletikoetan jardutea oso onuragarria zela herritarrentzat. 1916an klubak zaku lasterketa edo emakumeentzako txinga-eroate moduko proba bat (ez zuten zehaztu bietatik zein), krosa eta partidu bi antolatu nahi zituen: bata umeena (Santutxu-Arin Sport) eta beste bat “entre los primeros equipos del Santuchu FBC y el equipo veraneante del Arin Sport llamado Vizcaya”. Ez dakigu lasterketa eta partidu hauek jokatu ote ziren, behin diru laguntza ukatuta.

Amaitu orduko, xehetasun bat. Santutxu Futbol Taldearen eskabide bietan haien zigilua ezarri zuten. Goian Santuchu Foot Ball Club irakurtzen da. Azpian, Begoña.

 

Testua: Hektor Ortega