Hamar urte bete ditu Bidaiarien Txokoak aurten eta zaila bada ere, Nagore Zuazo barrutiko kultur programatzaileari urte mordo honetan bizitakoa hitz gutxitan laburbiltzeko eskatu diogu. Hitzaldiez haratago doan ekimenak bere hamargarren urtebetetzea ospatuko du urrian Begoñako udaltegian.
Zelan izan zen txoko honen hasiera?
Eneko Etxebarriak munduari buelta eman zionean bizikletaz, berak aurkeztu zuen bere burua hitzaldi bat antolatzeko Begoñako udaltegian 2003an. Hau lehen esperientzia izan zen eta nahiko jende agertu zenez, pentsatu genuen zergatik ez antolatu halako txoko bat non bidaiariak diren protagonista eta ordutik hamar urte pasatu dira. Saia gaitezen, beraz, hitzaldi zikloan bidaiatzeko era ezberdinak jendeari erakusten. Ondoren filmak proiektatzen hasi ginen, eta egun denetik aurki daiteke Bidaiarien Txokoan: umeentzako ekimenak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak…
Bidaien kontua oso zabala da, ezta?
Bai, hortaz laster ohartu ginen. Begoñako udaltegia oso leku aproposa da eta gainera bertoko liburutegia ere lagun izan dugu gure bidaia partikular honetan, bertan, bidaiei buruzko mapak, gidak, filmak… daude. Izan ere, erakusketen bidez argazkigintza lantzen ari ginela ohartu ginen eta tailerren bitartez teknologia berriak ere landu ditugu. Musika ere jorratu dugu eta lortu ere Bilbon hainbat herrietako musika zikloa eskaintzera helduz.
Hamar urte hauetan honenbestera helduko zenik uste zenuten?
Inondik inora ere, nahi gabe ia kultura arteko harremanak landu ditugu, kulturak ezagutarazi bakoitzaren historia, geografia eta ohiturekin. Kulturartekotasuna jorratu dugu bilatzera joan gabe, oso gauza polita izan da hori. Honez gain, Bilbon dauden kultura ezberdinak goraipatzeko aukera dela ikusi dugu. Esaterako, Bilbon bizi diren herrialde ezberdinetako musikariak ezagutu ditugu.
Hamarkada honen balantzea, beraz?
Uste dugu Bilbon erreferentzia izatea lortu dugula, kultur espresio ezberdinak lantzen dituen programa bat da bidaien ingurukoa, Bilbon egin den bakarra urte hauetan. Musika, argazkigintza, hitzaldiak, folklorea, teknologi berriak eta bidaiak elkartzen dituen ekimen bakarrenetarikoa izan da gurean orain arte.
Garapenik ikusi duzue hasieratik hona?
Noski. Atzera begira jartzen naizenean aldaketak nabarmenak direla konturatzen naiz. Hasteko, formatua ikusita bakarrik, proiekzioak diapositibekin egiten hasi ginen eta begitu zelako aurrerapenak dituen egun irudi teknologiak. Argazkigintzaren garapena bizi izan dugu, lehengoko argazki kamara analogikoekin… egun edonork dauka argazkiak egiteko aukera. Honez gain, guk beti esan dugu bidaiaria edonor dela, nahiz eta hasieran pertsona ospetsuen bidaiak ezagutu, orain edozeinek eman diezaguke hitzaldi eder bat egin duen bidaia bati buruz. Bilboko gertuko jendeari ere bidaiak erakusteko aukera eman diegu tailerren bidez baita hurbileko herriak ezagutzeko aukera ere. Gauza kuriosoa izan da ere, hasieran jendea hitzaldietara zetorren informazioa eskuratzera eta egun, ordea, jendeak Internet bidez lortzen du informazioa eta beste motatako zalantzak eta jakin-mina pizten zaie. Egun galdera gutxiago egiten da eta jendeak beren muntaia propioak erakusten ditu. Honez gain, tailerren bitartez jendeari baliabideak eta tresnak jarri dizkiogu eskura.
Aurten berrikuntzarik ekarri duzue?
Bai, aurten adibidez, umeentzako ipuin kontalaria ekarriko dugu. Zortzi hitzaldi indartsu mantendu ditugu eta Santutxu auzoan ere batukada bat antolatu dugu urriaren 4rako. Gainera, munduko jakiak dastatzeko aukera ere egongo da Bilborocken urriaren 12an.
Orain arte bi hilabeteko ekimena izan da eta aurten hiru astetan konprimitu duzue, zer dela eta?
Zorionez, ez da krisiagatik izan aurrekontua mantentzea lortu baitugu. Baina, bai, konturatu gara krisian egoteak eragin izan duela jendearengan, hau da, euren etxeetan geratzean, ezkortasunak irabazi gaitu. Izan ere, ekimen honetan dena da doan eta hala ere publikoa galdu dugu. Beraz, erabaki dugu bi hilabetetan jendea mantentzea gauza erraza ez denez, hiru asteetan dena jarraian antolatzea, modu dinamikoago batean.
Josune Bereziartu, Pou anaiak, Unai Basurko, Acero anaiak… hainbat pasatu dira zuenetik, gogoratzen al duzu momentu hunkigarriren bat edo beste?
Hainbat izan dira momentu hunkigarriak baina niretzako, adibidez, Roge Blascok zuzeneko irratsaioa egin zuenekoa dut gogokoen. Hasiera zen eta Levando anclas eta La casa de la palabra programetan parte hartu genuen. Begoñatik zuzenean egin zuten programa, publiko eta guzti. Hitzaldi mota ezberdin bat izan zen, kristoren saioa egin zuten eta niretzako oso berezia izan zen. Eta beste momentu bat mahainguruena izan da, birritan erabili dugu formatu hau. Behin bidaiariok bidaietan zelan eragiten dugun aztertu zen eta bertan hausnarketa sakon eta politak egin zituzten. Bidaietan elkartrukea dago baina batzuetan uzten dugun aztarna ez da hain ona. Adibidez, orain goi mendietan plastikozko zaborra uztea, edota herri askotan ingelesa hizkuntza inposatzea turismoagatik, ez da oinaze polita.
Orain arte 15.500 pertsona bildu dituen ekimen honetatik zer espero duzue datozen urteetarako?
Azken urteotan ikusi dugu jendeak blogak erabiltzen dituela bere bidaietako esperientziak kontatzeko, beraz, jendeak ez du horrenbesteko beharrik hitzaldi batera joateko. In situ kontatzen dira gauzak, ez zara geroago etorri behar kontatzera, asko aldatu dira kontuak hamar urtetan. Zain gaude aurten zer gertatuko den, bidaiak kontsumitzeko modua eta informazioa jasotzeko era asko aldatu da. Programek beraien ibilbidea dute eta aurrerantzean ikusi beharko.
Testua: Arrate Diez / Santutxu
INFO + BIDAIARIEN TXOKOA