Zabalik – Auzoko beteranoak: Gaitzerdi Teatro

bertonaldizkaria 2013ko urr. 7a, 17:21

Gaitzerdi antzerki taldeak 25 urte bete ditu aurten. Urteotan asko aldatu bada ere, sorreratik bere lanaren oinarria hizkuntza berrien bilaketa izan da.

Kepa Ibarra, sortzaileetako batek eta konpainiaren egungo zuzendariak beraien lerro nagusia “abangoardia” dela aipatu du. Hasiera “oso irregularra” izan bazen ere, apurka-apurka finkatuz joan da taldea. Deustuan entseatzen hasi ziren, Boluetan ondoren, Zorrozaurre eta Iralan ere ibili dira eta egun Errekalden dute lokala, nahiz eta Santutxurekin “lotura berezia duten”. Izan ere, bost edo sei urte egin zituzten bertan eta urte horiek “taldea sendotzeko erabakigarriak” izan ziren.

Taldea hedatzen hasi zen eta han eta hemen birak egin zituzten: “New Yorkera joan ginen eta gure ospeak gora egin zuen. Proiektua forma hartuz joan zen”. Taldeak 13 sari jaso ditu, baina garrantzitsuenak Ercilla saria eta Umore Azoka sariak izan dira zuzendariaren ustez. Berriki Itzala lana estreinatu duen Kabia, ikerkuntza gunearen sorrera ere “berezia” izan zela aitortu du Ibarrak. Gaitzerdiren formazio gune honek Joseba Sarrionandiaren unibertso poetikoa eszenaratu zuen Euria esan eta euria erortzea lanean.

Bilboko Aste Nagusian Suz lana aurkeztu zuten Arriaga Plazan eta berriz antzeztuko dute BilbaoArten. Urriaren 9an Expediente 312 unitate dramatiko txikia  aurkeztuko dute Arriaga Antzokiko Gelatxoetan. Urriaren bukaeran ospatuko den BAD jaialdian pieza berri bat estreinatzeko asmoa daukate: Sombras en la Partida de Naipes. Pertsonaia zuri baten istorioa da La Merced aretoan ikusi ahal izango den lan hau. 2012 fundazioarentzat urte horretan bertan, Eta bihar... zer? lan ikusgarria ere egin zuten.

Beti esan da antzerkia krisialdian egon dela eta are gehiago lengoaia berezi bat darabilten konpainien lanak, halere Gaitzerdik bere bidea egiten jakin du. BEZaren igoerak antzerkian eragin handia duela dio. “Esperimentazioaren mundua oso zaila” dela dio Kepa Ibarrak, nahiz eta “urterik urte jendea sartzen hasi den”. Hasieratik horretan jardun dutela adierazi du zuzendariak eta etorkizunean ere “jarraitzeko asmoa” dutela esan du.

Testua: Ander Barinaga-Rementeria