uriola.eus

Mahatserriko mendi taldeen abenduko mendi kronikak

Mahatserriko mendi taldeen abenduko mendi kronikak
None

Mahatserriko mendi taldeak ez dira geldi egotekoak. Urteko azken hilea mendian eman dute, elurretan eta aldapan gora eta behera. Hauek dira Bilbao Alpino Club, Lizardi Mintza Taldea eta Santutxuko Mendizale Taldearen kronikak.

Eguraldi bikaina, paisaia ederrak, gastronomia ezin hobea...

BILBAO ALPINO CLUB / KRONIKA / Abenduak 6-8

Pasa den abenduko zubian, Bilbao Alpino Clubeko kide batzuk Asturias aldean ibili ziren. Abenduaren 6an abiatu ziren autoz Bilbotik, eta, bidean, Cuera mendilerroko Pico Liño mendia igo zuten. Hurrengo bi egunetan Redes Natura Parkean egon ziren, eta bertan Remelendi, Peña del Águila eta Guanalón mendietan ibili ziren. Eguraldi bikaina, paisaia ederrak, gastronomia ezin hobea eta oso giro ona izan ziren. Hurrengoa noizko…?

bilbaoalpinoclub.blogspot.com.es

Izaba aldean hainbat ekintza

KRONIKA / LIZARDI MT / ABENDUAK 6-8

Abenduko asteburu luzean, Lizardi Mintza Taldeko 23 lagun, Belagua aldean ibili ginen, Izabako aterpetxe batean ostatatuta, ekintza ezberdinak burutzen: mendi txangoak egiten, eskiz, sarepalez edota oinez, Auñamendi, Ezkaurre, Lakora eta Txamantxoia gailurretara; ipar eskia ikas-irakatsi eta praktikatzen, Braca, Ferial eta Zanpori pistetan; alpetar eskiari ematen, San Martinen Harria eski estazioan; eta osteratxoren bat egiten ere bai, Izaba inguruan. Eta dena eguraldi ezin hobea lagun.

www.lizardimt.com

Mendira Olentzeroren doinuan

KRONIKA / SANTUTXU MENDIZALE TALDEA / ABENDUAK 15

Urteko azkenengo mendi irteera egin zuten Santutxu Mendizale Taldeko kideek abenduaren 15ean. Arabara joan ziren 75 mendizale gogotsu, San Leon gailurra zapaltzeko asmoz. Batzuek lortu zuten eta, beste batzuek, ez. Izan ere, taldea sakabanatu egin zen eta denek ez zuten bide berbera jarraitu. Hala ere, bazkalordurako denak elkartu ziren Labastidan. Eguraldi eguzkitsua ere lagun izan zuten, Toloñoko mendizerrako ikuspegiaz gozatzeko. Santutxura itzuli aurretik, tradizioari kasu eginda, Olentzeroren kanta eta beste gabon doinu batzuk abestu zituzten Santutxuko Mendizaleek.

santutxumt.blogspot.com.es

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa