Motibazioari buruzko jardunaldia antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak

bertonaldizkaria 2014ko urt. 9a, 12:59

Euskaltzaleen Topaguneak XI. Topaldia antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. “Geure ardura pertsonal eta kolektiboa aktibatzen” izeneko jardunaldia, urtarrilaren 30ean izango da, Durangoko Elkartegian, eta motibazioa izango da gai nagusia. Erabilera sustatzea izan da ardatz urteetan tokiko eta nazio mailako euskaltzaleen Topaguneetan. Euskaraz bizitzeko guneak sortzea, elikatzea. Erabileraren garrantziaren berri gizarteratzea, horren aldeko baliabideak, diskurtsoak eta legeak aldarrikatzea.

Aurtengo jardunaldietan, ordea, euskara erabiltzera edo ez erabiltzea bultzatzen gaituzten motibazioak aztertuko dira. Motibazioa aipatzean zeri buruz ari garen zehaztu, hizkuntza batean edo bestean aritzera zerk bultzatzen gaituen ikusi, euskara erabiltzearen aldeko euskaltzaleak sentsibilizatzeko zeintzuk tresna edo diskurtso erabil genitzakeen aipatu, eta abar. Horretarako, soziolinguistikan eta hizkuntzaren inguruko beste zenbait arlotan aritzen diren adituak izango dira topaldian, esate baterako Iñaki Martinez de Luna, Esti Amorrortu, Rosa Ramos eta Julen Arexolaleiba.

Aipatu bezala, Durangon izango da jardunaldia edo topaldia, urtarrilaren 30ean, eta egun osokoa izango da (09:00-18:00). Bertan parte hartzeko izen ematea urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik, topaldiaren webgunean (hemen). Matrikulatzeko 30€ ordaindu behar dira, eta bazkaria barne izango du.

Euskaltzaleen TOPAGUNEA

94 681 48 21 – 673 428 464

prentsa@topagunea.org

www.topagunea.org

EGITARAUA:

09:00 Harrera

09:30 Topaldiari irekiera. Mikel Irizar, Euskaltzaleen Topaguneko presidentea.

09:45 Motibazioaren kontzeptualizazioaz. Xabier Erize eta Iñaki Martinez de Luna.

10:45 Mintzapraktika egitasmoetako parte hartzaileen motibazioaz. Iñaki Iurrebaso.

11:15 Atsedena

11:45 Euskaldunberrien auto-pertzepzioa: hiztun legitimoa naiz?.Esti Amorrortu.

12:30 Gazteen motibazioa sustatzeko baliabideak. Rosa Ramos eta David Anaut.

13:00 Hedabideen egitekoez gertuko euskal komunitatea indartzeko. Iban Arantzabal eta Julen Arexolaleiba.

14:00 Bazkaria Plateruena Kafe Antzokian.

16:00 Arratsaldeko saioaren sarrera.

16:15 Mahaingurua eta eztabaida irekia. Hiztunpolisa liburuaren ekarpenaren irakurketa, Jon Sarasuak liburua aurkeztuta.

Mahaikideak: Iñigo Fernandez Ostolaza, Iñaki Martinez de Luna, Belen Uranga.

Moderatzailea: Maite Artola

18:00 Bukaera Topaldiari buruzko informazio guztia www.topaldia.topagunea.org helbidean aurki daiteke.

Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburuak euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko sentsibilizazioa bultzatzea dira. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.