uriola.eus

"Ikusi eta Ikasi" programaren 10. edizioa abian da

"Ikusi eta Ikasi" programaren 10. edizioa abian da
None

Bilboko haurren artean euskararen erabilera sustatzea xede duen ‘Ikusi eta Ikasi’ programak hamar urte beteko ditu 2014an, eta urteroko ohiturari jarraituz, urtarrilaren 14tik apirilaren 2ra bitartean, 2 eta 8 urte tarteko neska-mutilei zuzendutako 40 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu hiri osoko udaltegi, ikastetxe eta aretoetan.

Antzerkia, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak, familia osoarentzako tailerrak eta bestelako proposamen eszeniko bitxiak aurki daitezke Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak Euskara Elkarteen Topagunearekin batera bultzatzen duen ‘Ikusi eta Ikasi’ ikuskizun-programaren aurtengo eskaintza berezian. Gainera, ekimenaren 10. urteurrena ospatzeko, oraingo edizioan piruletak banatuko dira partaide guztien artean.

Estutasun ekonomikoen gainetik, Bilboko Udalak ahalegin berezia egin du ‘Ikusi eta Ikasi’ programa mantendu eta hobetzeko. Horrela, 10. urteurreneko eskaintza berezia 29 ikuskizunek, bederatzi tailerrek eta gurasoei zuzendutako hiru hitzaldik osatuko dute, iazko ekitaldi-kopuruari eutsiz. Jarduerak hiri osoko sei udaltegitan, Bilborock eta Karmen aretoetan eta Tiboliko eskolan, eta estreinako aldiz, Basurtuko Udaltegira ere hedatuko dira.

‘Jolasen Txokoa’

Ohi bezala, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren barruan, Euskal Herri osoko udal, mankomunitate eta euskararen aldeko erakundeek eratutako ‘Jolasen Txokoa’ deritzon erakusketa dinamikoa antolatuko da. Orain arte, ‘Jolasen Txokoa’ Begoña eta Deustuko udaltegietan finkatzen zen, baina 10. urteurreneko edizio honetan, Errekalde eta Castañoseko udaltegietara ere zabalduko da:

Urtarrilak 14 (18:00etan): Begoñako Udaltegia

Urtarrilak 15 (18:00etan): Errekaldeko Udaltegia

Urtarrilak 16 (18:00etan): Castañoseko Udaltegia

Urtarrilak 18 (11:00etan): Deustuko Bidarte Udaltegia

‘Jolasen Txokoan’ adin guztietako neska-mutilentzako jostailuak, jolas elektronikoak, liburuak, filmak, musika eta komikiak aurki daitezke: 330 produktu baino gehiago guztira, gurasoentzako materiala barne. (Informazio gehiago: www.katalogoa.org).

Gurasoen partehartzea

Gurasoen partehartzea sustatzea da, hain zuzen ere, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren helburu nagusietakoa, eta horretarako, iazko edizioan, ikusietaikasi.net deritzon webgunea sareratu zen, familiako kide guztientzat baina bereziki gurasoentzat baliagarriak diren era guztietako tresnak bilduz eta kezkak, aholkuak, estekak eta proposamenak partekatzeko aukera erraztuz.

Tailerrak eta hitzaldiak

Aurreko urteetako esperientzia oinarritzat hartuta, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren 10. edizioak bere horrexetan mantendu du orain arteko tailer eta hitzaldien eskaintza. Hirugarren urtez, familia osoaren parte hartzea bultzatuko duen belaunaldi arteko Sukaldaritza Tailerra egingo da, izan ere, seme-alabekin errezetak prestatzeak aukera paregabea eskaintzen baitu ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzeko.

Aurten, Sukaldaritza Tailerra arratsaldeko seietan egingo da Begoña, Errekalde eta Castañoseko udaltegietan urtarrilaren 28an, 29an eta 30ean, hurrenez hurren, eta goizeko 11etan otsailaren 1ean, zapatua, Deustuko Bidarte Udaltegian. Horrekin batera, otsailaren 11n, Eraikuntza eta Sormen Tailerra antolatuko da Begoñako Udaltegian, 18:00etatik aurrera, eta iazko Aratusteei begira abiarazi zen Mozorro Tailerraren bigarren edizioa Deustu, Begoña eta Errekaldeko udaltegietara iritsiko da otsailaren 22an, 25ean eta 26an, baita Abandoko Udaltegira ere hilaren 28an. Tailer hau 18:00etan egingo da astegunetan eta 11:00etan zapatuan (Deustun).

Azken edizioetako usadioari jarraiki, Iñaki Eizmendi hezitzaileak gurasoei zuzendutako orientazio-hitzaldiak eskainiko ditu Begoña eta Deustuko udaltegietan (otsailaren 4an, 18:00etan, eta hilaren 8an, 11:00etan) eta Tiboliko ikastetxean (otsailaren 6an, 18:00etan). Erdaraz egingo diren hitzaldi hauetan, Eizmendik euskaraz ez dakiten gurasoek haurrei nola lagun diezaieketen azalduko du.

Era askotako ikuskizunak

Urtero bezalaxe, ‘Ikusi eta Ikasi’ programaren 10. edizioak era askotako ikuskizunak bildu ditu etxeko txikienen gozagarri. Gainera, ahalik eta auzo gehienetara iristeko asmotan, aurtengo eskaintza Basurtuko Udaltegian ere izango da ikusgai estreinako aldiz.

MAGIA

Aurten, lau magia ikuskizun programatu dira hiriko barrutietan:

Urtarrilak 22, eguaztena (18:00), Errekaldeko Udaltegian: ‘Hator Magiara’ (Tor Magoa)

Otsailak 7, barikua (18:00), Abandoko Udaltegian: Txoborro Magoa

Martxoak 5, eguaztena (18:00), Karmen Aretoan: Eriz Magoa

Martxoak 6, eguena (18:00), Bilborock Aretoan: Kidam Magoa

IPUINAK, KONDAIRAK...

Ipuinek eta kondairek ere merezi duten lekua izango dute 2014ko ‘Ikusi eta Ikasi’ren barruan:

Otsailak 13, eguena (18:00), Tiboliko ikastetxean: Iñaki Lasa

Otsailak 14, barikua (18:00), Abandoko Udaltegian: ‘Euskal Herriko ipuin mitologikoak Enaitz kontalariaren eskutik’ (Onintze Goitiz)

Otsailak 18, martitzena (18:00), Begoñako Udaltegian: ‘Album familiarra’ (Apika Taldea)

Otsailak 21, barikua (18:00), Abandoko Udaltegian: ‘Irripuinak Largabistarekin’ (Galder Perez)

Martxoak 4, martitzena (18:00), Begoñako Udaltegian: ‘Itzal Itzelak-Hansel eta Gretel’ (Bego Alabazan)

Martxoak 7, barikua (18:00), Zamakolako ikastetxean: ‘Ipuin kontalari’ (Zurrunka Taldea)

Martxoak 13, eguena (18:00), Bilborock Aretoan: ‘Leihotik mundura’ (Kukubiltxo Taldea)

Martxoak 19, eguaztena (18:00), Karmen Aretoan: ‘Eguzkiaren bidaia’ (Irrien Lagunak)

Apirilak 2, eguaztena (18:00), Karmen Aretoan: ‘Tarantela’ (TTR Teatro)

PAILAZOAK, ZIRKUA...

Hauxe da ‘Ikusi eta Ikasi’ren zirku giroko eskaintza 2014rako:

Urtarrilak 21, martitzena (18:00), Begoñako Udaltegian: ‘Pon ta Pa’ (Bapatean Zirko)

Urtarrilak 25, zapatua (11:00), Deustuko Udaltegian: ‘Klownmunikatu fest’ (Puski eta Txurruski)

Otsailak 12, eguaztena (18:00), Errekaldeko Udaltegian: ‘Lara Larika’ (Zirika Zirkus)

Otsailak 20, eguena (18:00), Tiboliko ikastetxean: ‘Kriki eta Krokirekin bidaia’ (Kriki eta Kroki)

Otsailak 27, eguena (18:00), Bilborock Aretoan: ‘Oihan koloretsua’ (Potxin eta Patxin)

Martxoak 14, barikua (18:00), Basurtuko Udaltegian: ‘Il duo Cannelloni’ (Zirika Zirkus)

Martxoak 20, eguena (18:00), Bilborock Aretoan: ‘Baietz lortu’ (Monda eta Lironda)

Martxoak 26, eguaztena (18:00), Karmen Aretoan: ‘Txintxilintxin bakea egin’ (Kiki eta Koko)

ABENTURAK, ISTORIOAK...

‘Ikusi eta Ikasi’ren hamargarren edizio honetan ere, denetariko istorio eta abentura bitxiak bizitzeko aukera izango da:

Otsailak 6, eguena (18:00), Tiboliko ikastetxean: ‘Biolin Magikoa’ (Ate Joka Antzerki Taldea)

Otsailak 19, eguaztena (18:00), Errekaldeko Udaltegian: ‘Urtaroak Vivaldiren begietatik’ (Zirtaka Antzerki Taldea)

Martxoak 1, zapatua (11:00), Deustuko Udaltegian: ‘Pepitaren liburu magikoa’ (Anne Monna, Oskola eta Karramarroi)

TXOTXONGILOAK ETA ABAR

Urtarrilak 23, eguena (18:00), Tiboliko ikastetxean: ‘Goazen dantzara’ (Bat, Bi, Hiru... Festa!)

Otsailak 4, martitzena (18:00), Begoñako Udaltegian: ‘Teleipuina’ (Antzezkizuna Taldea)

Otsailak 5, eguaztena (18:00), Errekaldeko Udaltegian: ‘Elefante bitxi bat’ (Rosa Martinez)

Otsailak 8, zapatua (11:00), Deustuko Udaltegian: ‘Boli, Bili, Boli’ (Pantzart Txotxongiloak)

Otsailak 15, zapatua (11:00), Deustuko Udaltegian: ‘Nor da panpina?’ (Elvi sabel-hiztuna)

Bilboko Udalak 2005ean abiarazi zuen ‘Ikusi eta ikasi’ aisialdi-programa, haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera era jostagarrian bultzatzeko asmoz. Apurka-apurka, eskaintza hiriko auzo gehienetara hedatuz joan da, betiere tokian tokiko ezaugarriak aintzakotzat hartuz. ‘Jolasen txokoa’ ez beste ekitaldi guztiak 18:00etan egingo dira, salbu eta zapatuetan egiten direnak, 11:00etan eskainiko baitira, guraso eta haurren beharretara egokitu nahian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa