Inauguratu dute Abusuko ikastolaren eraikin berria

bertonaldizkaria 2013ko eka. 10a, 18:45

Joan den larunbatean, goizeko 10:30etan eraikin berriaren jolastokia lepo betea zegoela hasiera eman zitzaion inaugurazio ekitaldiari. Bertan zeuden guraso, ikasle, irakasle eta gonbidatuei bina ikasle eta irakaslek harrera eman zieten txalaparta eta adarraren hotsekin.

Aurkezle lanetan aritu ziren Alex Sarduik eta Mikele Landak ekitaldira etorritako gonbidatuak aurkeztu zituzten. Azken hori aurtengo Urruzuno saria eskuratu duen Abusu Ikastolako ikasle ohia da eta berak hain zuzen ere eraman zituen txalo zaparradarik gehien.

Hurrenez hurren errektore kontseiluko kidea den Lander Diazek, Bilboko Udaleko zinegotzia den Jone Unzuetak, Andres Urrutia Euskaltzainak, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko zuzendaria den Koldo Tellituk eta Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza Sailburuordeak, euskaraz, hezkuntzaz eta ikastolek bi arlo hauetan egiten duten lana goraipatu zuten.

Abusu Ikastolako altxorretako bat den irakasleriak “Agintariena” dantzatu zioten ikastola eta eraikin berriari.

Bukatzeko, ekitaldian parte hartu zuten ehunka ikasle, irakasle eta gurasok, espresuki inauguraziorako prestatutako Abusu Ikastolaren dantza dantzatu zuten.

Ekitaldiaren ostean burututako bisita gidatuan, gonbidatu eta gurasoek eraikinaren diseinua, argitasuna eta haurrarekiko ikuspuntuz eraikita dagoela nabarmendu zuten.

INFO + ABUSUKO IKASTOLA