Herri Dendak ateak ireki ditu

bertonaldizkaria 2013ko abe. 16a, 16:33

Herri Dendaren bigarren edizioa gaur hasi eta urtarrilaren 4an amaituko da, Zirika! Herri Gunean. Bilboaldeko gizarte kolektiboen lanaren erakustokia. 

Herri Denda 2013 gaur, abenduak 16, ireki da goizeko 11:00etan. Bigarren urtez jarraian Zirika! kulturgune autogestionatuan gauzatuko den ekimen honek urtarrilaren 4ra arte irekiko ditu ateak.

Ikuspegi antikapitalistan eta gizartea eraldatzeko nahian bat eginda, askotariko borroketan diharduten hogeita hamar kolektibo inguru bilduko ditu Herri Dendak. Antolatzaileek adierazi dutenez, "Herri denda gizarte kapitalistaren kontra borrokatzen duten eragileen espazioa da, gizarte mugimenduek elkarlanean sortzen duten gunea Gabonek sustatzen duten gizarte kontsumista mugagabearen aurrean alternatibak daudela erakusteko".

Ez da kolektiboek autogestionatzeko plazaratzen dituzten materialak aurkitzeko parada emango duen denda bakarrik. Hiru aste horiek jardueraz eta hitzaldiz beteta egongo dira, edozeinek parte har dezan eta goza ditzan. "Azoka baino zerbait gehiago izatea nahi dugu", diote ekimenean parte hartzen duten kolektiboek. "Gure lana ez da bakarrik materiala editatzea eta saltzea. Urte osoan gai ugari lantzen dugu. Herri Denda erakustoki paregabea da gure kezkak erakusketen, hitzaldien edo aurkezpenen bitartez besteenganatzeko".

Beraz, bitxikeriaren bat erosi eta, horrela, mundu hobearen alde lan egiteko dela, zure burmuinak elikatzeko dela edo, besterik gabe, osteratxo bat egiteko, Herri Denda zain izango duzu Bilboko Erronda kalearen 12. zenbakian.

Ordutegia: astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 20:00etara (itxita San Tomasen, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean; eta goizez bakarrik irekita abenduaren 24an eta 31n).

Jarduerak

Abenduaren 18an, 19:30ean: Crónicas del estallido liburuaren aurkezpena, Martín Cúneo, Emma Gascóren eta Jesús Gonzálezen eskutik. Antolatzaileak: OMAL eta CODPI.

Abenduaren 19an, 20:00etan: "Euskal transnazionalak eta zor ekologikoa" hitzaldia, Ekologistak Martxanen eskutik.

Abenduaren 20an, 20:00etan: El sueño de los héroes dokumentalaren proiekzioa, Eguzki Bideoaken eskutik.

Abenduaren 26an, 20:00etan: Terra ferma filmaren proiekzioa, SOS Arrazakeriaren eskutik.

Abenduaren 27an, 20:00etan: "Sardinia, burujabetza eta sozialismoa" hitzaldia, Askapenaren eskutik.

Urtarrilaren 2an, 20:00etan: Irrati libre berriaren aurkezpena.

Urtarrilaren 3an, 12:00etatik 15:00etara: Irola Irrati Librearen zuzeneko emanaldia Herri Dendatik.

Urtarrilaren 3an, 20:00etan: Jóvenes burukides bizkainos liburuaren aurkezpena, egilearen, Ahoztar Zelaietaren eskutik.

Parte hartzen ari diren kolektiboak: TXIRBIL, HALA BEDI, FRACKING EZ BIZKAIA, TANTAZ TANTA, MUMIAREN LAGUNAK, DDT, KEM-MOC, IROLA IRRATI LIBREA, IA, TAUPAKA, BOLTXE, BILGUNE, TXIAPAS, EKOLOGISTAK MARTXAN, LA GALLINA VASCA-EUSKAL OILOA, EKINTZA ZUZENA, ASKAPENA, IROLA IRRATI LIBREA, SARE ANTIFAXISTAK, GITE-IPES, KIMETZ, SOS ARRAZAKERIA, EZTABAIDA, OKUPAZIO BULEGOA, EGUZKI, IÑIGO GOGOAN, CNT, KOMITE INTERNAZIONALISTAK

Informazio gehiago: kibilbo@herriak.org