BIDAIDEAK BILBAO BSR taldeak ligako azken fasea eta kopa jokatuko ditu

bertonaldizkaria 2014ko ots. 6a, 16:12

Ligako historian lehen aldiz, euskal talde bat titulua eskuratzeko lehian arituko da, aurreko fasean bigarren tokian sailkatu ondoren. Estatuko ligako azken fasea zapatu honetan lehiatuko da eta Kopakoa, ordea, apirilaren 5ean eta 6an, Malagan.

Ligako historian lehenengo aldiz, euskal talde bat titulua eskuratzeko lehian arituko da, aurreko fasean bigarren tokian sailkatu ondoren eta ibilbide luzeko taldeak- Getafe, Mideba Extremadura, Burgos eta CAI Zaragaoza- atzean utzita. Azken denboraldietan galdu ez duen ONCEren talde madrildarra izan da Bilboko taldea aurreratu duen bakarra.

Azken fasean Bidaideak Bilbao BSR taldeak Vigo, Valladolid, Kanariak eta Albacete taldeak izango ditu aurkari eta horien aurka lortzen dituen emaitzak Getafe, Madril eta Extremaduraren aurkako partiduetan lortu dituenei gehituko zaizkie. Helburuak lehenengo lau taldeen artean geratzea eta datorren denboraldian Europan lehiatzea dira.

Era berean, ligan bigarren postuan geratzeak bide eman dio Kopan lehiatzeko. Kopa Malagan jokatuko da apirilaren 5ean eta 6an.

Denboraldi berria aurkeztu zutenean, argi geratu zen klubak esperantza handia zuela: ohorezko mailako bigarren fasera iristea – Estatuko 8 talderik onenak pasatzen dira- Europan lehiatzeko eskubidea ematen duten lau lekuetako bat eskuratzeko.

Horretarako, jokalari lehiakorrekin osatu zuten taldea (Txurdinagako kiroldegian entrenatzen dira); guztira, 15 jokalari: buru, Asier Garcia paraolinpiko bizkaitarra, eta bere ondoan David Mouriz, Daniel Diaz,  Eñaut De Angel, Juanfe Lopez, Jose Centeno, Amadou Tijane, Jose Leep, Ivan Etxebarria, Iñaki Reguero eta harrobiko Ruben Viso, Alex Mendiluce eta Patxi Suarez gazteak.

Babesa emateko azken orduko akordioa

Bidaideak Bilbao Basket gurpil-aulki gaineko taldeak babesletza- akordioa sinatu zuen Bilbao Kirolak-ekin 2013ko azken lauhilabetekoan; akordio horri eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaialde programaren, Saiatu Fundazioaren eta Bidaideak elkartearen laguntzari esker ekin ahal izan zion saskibaloiko denboraldi berriari, irailean babesle nagusia gabe geratu ondoren.

INFO + BIDAIDEAK BILBAO BSR