Bizkaiko kirolari handien bisita hartuko dute ikastetxeek eta udaltegiek euskara eta kirola bikoteka aztertzeko

bertonaldizkaria 2014ko ots. 19a, 13:06

Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak, BIGEk (Bizkaiko Gurasoen Elkartea) eta Itzarri Consulting enpresak beste urrats bat eman dute euskararen normalizazioaren bidean, kirolaren eremua oinarritzat hartuta.

Zerbitzu bi jarriko dira abian: bat, Bizkaiko kirolari handiek kirola eta euskarari buruz emandako hitzaldietan oinarritzen da; hitzaldi horiek denentzat irekiak izango dira. Bigarrena, "Euskara Tek", non 9 eta 12 urte bitarteko umeek, uriko hainbat ikastetxetakoak, kirolaren munduan murgilduko diren kirolari profesionalen eskutik, gaztetxoen erreferentzia baitira.

Futbolariak, adibidez Koikili Lertxundi, Ibai Gómez, Arrate Orueta, Aitziber Juaristi, Athletic Club-eko emakumezkoen taldeko kapitaina den Iraia Iturregi, Beñat Intxausti eta Igor Antón txirrindulariak, Iñaki Iza eta Mikel Urrutikoetxea pilotariak, Maider Unda borrokalaria eta Joko Olinpikoetan domina irabazi zuena, Eunate Agirre bodyboarderra eta Alex Txikon mendizalea izango dira hizlarietako batzuk eta mahaigaineratuko diren gaiei buruz hitz egingo dute, Itzarri enpresako kontsultoreekin batera.

Urrian hasita eta 2014ko ekainera arte, Bizkaiko kirolaren erreferenteak Bilboko barrutietako zentroetara eta zortzi barrutietako ikastetxeetara joango dira. Horrela, hitzaldietara doazen herritarrek eta "Euskara Tek" programan parte hartzen duten neska-mutikoek bertatik bertara ezagutuko dituzte kirolaren balioak.

Hitzaldien helburua da kirolaren balioak hezkuntzaren ikuspegitik sustatzea eta, aldi berean, eskolako kirolaren ereduari buruz eztabaidatzea. Hitzaldiak udaltegietan izango dira egun hauetan:

3. Barrutia, Otxarkoaga-Txurdinaga: Abenduan edo urtarrilean, Otxarkoagako Udaltegian

4. Barrutia – Begoña: Otsailean, Begoñako Udaltegian

5. Barrutia – Ibaiondo: Martxoan, La Bolsa eraikinean

6. Barrutia – Abando: Apirilean, Carmen aretoan

7. Barrutia – Rekalde: Maiatzean, Errekaldeko Udaltegian

8. Barrutia, Basurtu- Zorrotza: Maiatzean edo ekainean, Basurtuko Udaltegian

Hitzaldi hauetan parte hartzen duten kirolari profesionalek eskolako kirolaren gaur egungo egoerari buruz daukaten iritzia azalduko dute, eta ikuspegi eraikitzailea ematen ahaleginduko dira.