PLAY DAY Otxarkoagan, auzoa jolasgune

bertonaldizkaria 2014ko ots. 24a, 12:02

Otxarkoaga auzoko espazio publikoa egun batez jolasleku bihurtzeko ideien lehiaketa egitea eta ondoren iraupen laburreko 5 esku-hartze gauzatzea dira helburu.

Bilboko Udalak, Otxarkoagako bizilagunekin eta lehiaketaren antolatzaileekin elkarlanean, esku hartzeko bost gune aukeratu ditu auzoan: Angela Arregui plaza, Kepa Enbeita plaza, Ugarte plaza, Lozoño eta Otxarpan kaleak. Lehiaketa honetara aurkeztutako proposamenak bost gune horietako batera egokitu beharko dira. Lehiaketan parte hartzeko azken eguna martxoaren 4a izango da eta martxoaren 10ean jakinaraziko da irabazleak nortzuk diren. Aukeratutako pertsonak edo taldeak martxoaren 22an, 11:00etatik 16:00etara bitartean, jardungo dute esleitutako espazioan.

Obra eta Zerbitzuen Sailarentzat herritarren partaidetzako eta bizilagunek auzoaz dituzten iritziak jakiteko jardunaldia ere izango da. Helburua da bertatik bertara ezagutzea auzotarrek Otxarkoagan zer-nolako premiak ikusten dituzten, Sailak aurrera begirako plangintzetan horiek kontuan hartzeko.

Jarduera BATen (Berrikuntza eta Arkitektura Topaketak) programazioaren barruan dago. Horren helburua ingurunea eraldatzen parte hartuko duten herritarrak trebatzeko asmoz hiriak eskaintzen dituen ikaskuntzarako aukera anitzak aztertzea da. BATek Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.

Jolas eguna

Jolasa espazio publikoa aktibatzeko tresna da. Partaidetzan oinarritutako tresna eraldatzailea da, interakziorako eta kalearen erabilera berreskuratzeko eta denok kaleaz gozatzeko balio duena. Harremanak izateko eta elkar ezagutzeko modu dibertigarri eta lasaia da.

JOLAS EGUNA kultura eta arte arloko proposamena da. Sozializatzeko eta gizartearen eta kalearen eraldaketarako tresna gisa berreskuratzeko jarduera da jolasa. Kalea ibilgailuak eta pertsonak ibiltzeko tokia dela dioen oraingo ereduari erantzuteko sortutako ekimen bat da honakoa, Zaramari elkartearen laguntzarekin gauzatuko dena. Kalea egun batez espazioarekin modu askean eta sormena erabiliz esperimentatzeko aukera bat da, irudimenari lekua eginez.

Partaidetzarako tresna

Aipatutakoaz gain, auzokoen partaidetzarako proposamen berritzailea ere bada Jolas Eguna, Obra eta Zerbitzuen Sailak baliatuko duena etorkizunari begirako jarduketetarako. Horregatik, bizilagunekin batera, espazioak eta lehiaketako deialdi honekin lotzea gehien interesatzen zaizkien gai batzuk aukeratu dituzte. Hain zuzen ere, proposamen guztiek, gutxienez, honako kategoria hauetako batekin zerikusia izango dute: Kirola, gazteak eta espazio publikoa; Artea kalean, adierazpen kulturala eta askatasun sortzailea; Euskara kalean; Gizalegea: espazio publikoa zaintzea eta errespetua izatea; Ekipamenduak eta arkitektura; Etxebizitza eta zerbitzuak; Elkartasuna eta Merkataritza.

OTXARKOAGAKO JOLAS EGUNEAN euria egiten badu, esku-hartze guztiak Angela Arregui plazaren arkupeetan, Otxarkoagako auzo-etxearen ondoan, jarriko dira.

Aurkeztutako proiektuen balorazioa Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Saileko ordezkariek, Otxarkoagako elkarteen eta bizilagunen ordezkariek eta antolatzaileek (Zaramari) osatuko duten epaimahaiak egingo du. Martxoaren 7an jakinaraziko du erabakia eta proposamenak martxoaren 10etik aurrera ezagutaraziko dira.