Erantzunak Espacio Luzarratik

prestaldizkaria 2014ko urt. 31a, 10:07

PREST! aldizkariaren 141. zenbakian Deustuko Mugimendu Antifaxistak artikulua argitaratu zuen orriotan Espacio Luzarrako Nueva Acropolis elkartea “sekta arriskutsutzat” joz. Oraingo honetan, Espacio Luzarrako presidentearen eta Sole Allue auzotarraren hitzei lekua egin diegu, haiek horrela eskatuta.

Nueva Akropolisekoak etarrak dira?

Horregatik joan nintzen Nueva Akropolisera, honelako zalantza argitzera.

Ni aktore naiz eta bertako kide batek clown show bat prestatzeko eskatu zidan. Nik galdetu nion: “Sekta zarete?” Bere erantzuna: “Anakleta, jendeak informatu gabe hitz egiten du, min egiteko. Mundu honetan kritikatzea errazena da. Eta honelako kritikak ez dira batere zilegiak”.

Egia da. Ezker abertzalekoa naiz eta beti entzun behar izan dut ezker abertzalekoak etarrak garela eta presoak hurbiltzearen alde banago etarra naizela. Oso erraza da etarra naizela esatea. Eta oso erraza da Nueva Akropolis sekta dela esatea. Horrexegatik joan nintzen haiek ezagutzera, jendeari azaltzen utzi behar zaiolako.

PPko batek Herriko Taberna bat paramilitarra eta faxista dela esango du hemen eta ilargian. PPkoen iritzi hori onartzen badugu, orduan bai, Nueva Akropolis paramilitar eta faxista dela esan dezakegu.

Baina haiekin clown show bat egin nuen. Ez dut sinesten ez jainkoarengan ezta erlijio batean ere. Sekula ez didate hitz egin espiritualitateari buruz ezta diruari buruz, ezta perretxikoei buruz. Hau bakarrik esan didate: “Tailerrak egin nahi badituzu egin, ordainduz noski, baina mesedez, zaindu lokala”. Hori da sekta izatea? Paramilitarra? Faxista?

Haiek defendatzeko eskubidea eskatu dute, baina faxistak deitzen dietenak ez daude prest entzuteko. Hori zilegia da? Tailerrak maskara bat direla esaten badugu edozein gauza maskara dela esan dezakegu. Politikan ere bai, dena maskara da, guztiak terroristak.

Bere lokaleko kristalak apurtu dizkiete. Azarotik abendura bitartean hiru aldiz apurtu dizkiete kristalak, birritan haiek barruan zeudela. Hori egin dutenak ez dira paramilitarrak ezta faxistak. Aingerutxoak dira!

Sole Allue, Deustuko herritarra

Espacio Luzarra osotasunean zipriztindu eta kaltetu dute

Espacio Luzarra arte- eta kultur-elkartea da, Eusko Jaurlaritzan erregistratua. 2012ko irailean bere ateak zabaldu zituen Luzarra kaleko 14-16. zenbakietako etxabean. Boluntarioen erregimenean kudeatzen da erabat, eta teilatupe berean hainbat erakunde batzen ditu, hala nola: Horus tailerra, Bilboko Go Eskola, herritarren parte-hartzeko Nueva Acropolis elkartea, Pio Baroja liburutegia, etab. Duela hiru hile hasi ziren Nueva Acropolisen aurkako irain kanpaina, indarkeria eta erasoak. Guzti horiek Espacio Luzarra osotasunean zipriztindu eta kaltetu dute eta horregatik, presidente gisa, auzotarrak informatu beharrean nago PREST! aldizkariari esker.

Nueva Acropolis elkarteak 25 urte bete ditu Bilbon. Bere lehen egoitza Amistad kalean 1989ko urtarrilean zabaldu zuen. Elkarteko erakusketa, hitzaldi, kurtso eta dokumentaletatik milaka bilbotar pasa dira, eta inoiz ez du salaketa bakar bat ere jaso inolako gertakarirengatik. Kontrakoa baizik, doan edota oso kostu txikiaren truk  kultur-, filosofia- edota humanismo-onura jaso duten askoren eskerra baino ez du jaso.

Bestalde, nazioarteko erakunde gisa, Nueva Acropolis 60 urte betetzear dago. 400 egoitza dauzka 50 herrialdetan eta 20.000 bazkide-boluntario inguru, argitu gabeko zigor-kausa gabe eta lege-arazo gabe. Lehenaldian, Pinochet, Noriega, Stroesser etabarren erregimenean soilik izan ziren edota gaur egun edonolako diktadurapean dauden herrietan. Nueva Acropolisen existentzia demokraziagandik eta denon onurarengandik banaezina da.

Zentzugabea da, gaur egun, orain, norbaitek Nueva Acropolis Deustun deskubritzea eta haserre bizian jartzea hain leku ‘arriskutsura’ auzotarrak hurbiltzea debekatuz. Barregarria zitekeen, ez balitz difamazioek irainak eragin dituztela, botilekin erasoak, gorroak, petardoak eta estolda tapak sarrerako kristalaren aurka bota izan ez balituzte, eta azkenaldian mehatxu pertsonalak ere jaso ditugu.

Gertaerek eurek adierazten dute gertatua. Baditugu jada gure ‘Kristal hautsien gauak’... Zer izango da hurrengo?

Gauza bakar bat ziurta dezaket, ez gara inoiz gure erasotzaileen mailara jaitsiko, eta Historiari utziko diogu genodizidak kalifikatzen.

Gure auzotarrak Espacio Luzarra bisitatzera gonbidatzen ditugu, beraien zerbitzura baitago. Bertan aukera izango dugu nahi beste informazio gaineratu eta zehazteko, edo nahiago izanez gero, Ertzaintzaren komisaldegira hurbil zaitezkete.

Francisco Sanchez,

Espacio Luzarrako presidentea