Akordioa adostu dute Astorkizaga eta Bilboko bi gazteren aurkako epaiketan

prestaldizkaria 2014ko ots. 13a, 13:58

Gaizka Astorkizaga, Sendoa Jurado eta Kepa Mendiola epaitu dituzte gaur goizean Bilbon. Astorkizagaren atxiloketaren unean bortxakeria erabiltzea leporatu diete hiru bilbotarrei.

Epaiketa arina izan da bi aldeak akordio batera heldu baitira. Hitzartutakoaren arabera, Jurado eta Mendiolak gizarte lanak egin beharko dituzte sei hilabetez edo isun ekonomikoa ordaindu.

Goizeko 10:00etan hasi da Buenos Aires kaleko epaitegietan Gaizka Astorkizaga, Sendoa Jurado eta Kepa Mendiolaren aurkako epaiketa. Astorkizaga, San Inazioko gaztea, 2012ko uztailaren 6tik preso dago Entzutegi Nazionalak ezarritako zigorra betetzen, eztanda egitera iritsi ez zen lehergailu bat ezarri izanagatik kondenatuta. Gaurko epaiketan, bere atxiloketaren unean Ertzainekiko bortizkeriaz jokatu izana leporatzen zioten eta bi urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin behar izan dio. Bestalde, Juradori eta Mendiolari, egun berean gertatutako istiluetan bortxakeriaz aritu izana egotzi zaie.

Epaiketa burutzen zen bitartean, epaitegi aurrean hainbat lagunek elkarretaratzea burutu dute “Desobedientzia ez da delitua! Gaizka, Sendoa eta Kepa libre!” lelopean. Guztira 50 bat lagun bildu dira, hiru lagunei babesa erakutsiz.