Alde hemendik, Troika eta koadrila!

Mikel Noval, ELAko ikerketen arduraduna 2014ko mar. 3a, 09:21
Hamahiru urte luze igaro dira honez gero 2000ko irailean Pragan mobilizazio handi batzuk izan zirenetik; orduan salatu zena, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Munduko Bankuak (MB) sistemaz agindu izan dituzten doikuntza politikak beti berak; bost axola die gaixoa zein den eta zer nolako gaitzak hartuta dagoen.

Urteotan erakunde antidemokratikoek –aipatutako NDFk, MBk, G-8ak nahiz Munduko Merkataritza Erakundeak (MME)– gero eta leku ezkutuagoak bilatu behar izan dituzte, gero eta polizia gehiagoren babesaz, biltzen jarraitzeko modua izate aldera. Horrek ez du eragotzi erakundeok gero eta fama beltzagoa hartzea, haien politikak zorrotz aplikatu dituzten gobernuei gertatu zaien bezalaxe. Fama txarra nabarmena da, baina ez bakarrik Latinoamerikan, kontinente honetan gobernuek eta gobernuarteko erakunde horiek erabakitako doikuntza politikek milioika lagunen bizimodua hondatu zuen heinean: han pobrezia eta gizarteko desberdintasuna izugarri hedatu zen, eta gutxiengo boteretsu bat areago aberastu zen. Gauza bera gertatu da Europar Batasunean ere, edonork aitortzen baititu hemen doikuntza politiken kalteak: langabezia eta txirotasuna gehitzea eta atzeraldia larriagotzea (kanpoan geratzen dira galderarik gabeko prentsaurrekoak ematen dituztenak, edota galdetutakoari erantzuten ez dutenak; honelakoak asko dira).

Baina badakigu, “Spain is different”. Eta antza, baten batek nahi du Euskal Herria ere hala izatea. Europan nazioarteko erakunde horiek daramaten gurutzebide soziala hasi zenetik 13 urte igaro direnean, espainiar Gobernuak haize txar baten eraginpean erabaki du Bilbon martxoaren 3an Mundu mailako Goi-Bilera Ekonomiko bat antolatzea (“Davos-2” aipatu izan da prentsan), izen  biribil batekin “Espainia 2014 Foro Globala: Estabilitatetik Hazkundera”. Normaltasun sinboloa omen da. Goi-bileran parte hartzekoak omen dira NDFko zuzendari nagusia (Christine Lagarde, Sarkozyren ministro zelarik ustelkeria kasuetan nahastuta egon zena; bere soldatak ez du errenta-zergarik ordaintzen), ELGEko idazkari nagusia (Angel Gurria), Europar Batzordea (agian Barroso presidentea etorriko da; nolanahi ere, konfirmatuta daude Joaquín Almunia, Michel Barnier eta Karel de Gutch, berau EB-AEB merkataritza akordioa negoziatzen ari dena), Eurotaldeko presidentea (honek kredituak emateko baldintza gisa ezartzen du murrizketa gehiago egitea), Europako Inbertsio Bankuko presidentea (errauste planta eta autobideekin egiten diren negozioearako ezinbesteko pieza), espainiar Errege-Etxea (Erregea edo Felipe Printzea), espainiar Gobernuburua (Mariano Rajoy), eta Lehendakaria (Iñigo Urkullu).

Beraz, martxoaren 3an Bilbon Troika eta bere koadrilla elkartuko dira. Txirotze politiken, langabeziaren, ustelkeriaren eta benetako demokraziarik ez izatearen arduradunak. Grezian edo Portugalen kalean lasai ibili ezin den jende hori, alegia. Madrilera joanda bankuak aztertzera omen doazenak, hori egia ez bada ere. Bilbon bilduko direnek erabaki dute bankuak guztion artean salbatuko ditugula; hauei dagoeneko diru publikotik hamarna milaka milioi euro eman diete (eta are gehiago ematekotan dira), jakinik ez dela berreskuratuko. Noski, hauen artean izango dira espainiar estatuko enptres handietako buruak (Telefónica, BBVA, Inditex, Iberdrola, etab.), gobernuen politikei esker dirutza irabazten dutenak: Hauei zor diegu herritarren %99aren bizimodua gero eta okerragoa izatea. Eta gainera, txalotzea nahi dute.

Ez dute lortuko. Bilbon, munduko beste leku batzutan bezala, Troikaren aurkako deiadar ozena entzungo da. Denak salatuko ditugu: NDF, ELGE, Europar Batzordea, espainiar Gobernua, patronala, bankuak eta multinazional handiak, hauek kentzen baitizkigute eskubide laboral eta sozialak; eurek jaisten dituzte soldatak, pentsioak eta langabezia-prestazioak; eurek erabakitzen dute prekarietatea gero eta handiagoa izango dela, negoziazio kolektiboaren eskubidea urratu behar dela, etab.

Horregatik, martxoaren 3an herritarrok mobilizatu egingo gara. Egun historikoa. Goizeko hamarretan zutabe bana abiatuko da Jesusen Bihotzetik eta Arriagatik, eta Guggenheim Museoan bat egingo dute, goi-bileraren egoitzan alegia. Ondoren beste hainbat ekitaldi ere izango da.

Aparteko aipamena egin behar da Urkullu Lehendakariaz. Ezartzen dituen politikak ikusirik, ez da harritzekoa martxoaren 3ko batzar horretan agertu nahi izatea. Doikuntza politikak aplikatzerakoan euretako bat da, aurtengo aurrekontuak egiteko prozesuan ikusi dugunez (ELAk aztertu du hau, baita bere iritzia eman ere), eta benetako politika mozorrotzeko propaganda egiteko moduan ere bai (enplegu publikoa murrizten duen bitartean 'enplegu plana' aurkeztu du). Bada, goi-bileran egonda errezeta ekonomikorik latzenekin bat datorrela adierazten du.

Martxoaren 3an Lehendakaria ez da euskal gehiengo sozialaren ordezkari izango, gehiengoa kalean egongo baita. Gutxitan gertatuko dira hain urrun, batetik, herritarren sentipen orokorra -Troika eta koadrilla giroko kapitalismoa etortzerik nahi ez duena-, eta bestetik, Lehendakariaren jokabidea, arimarik gabeko jendilajeari losintxa eginez. Bera ez egoteari ongi iritziko genioke; era berean, goi-bileran iragarri duen bezala parte hartzen badu, legitimazio politikoa emango dio enpresa handien eta bankuen tiraniari. Bere esku dago aukera. Gehiengoaren bizkarretik gero eta aberatsagoa den gutxiengo baten aldeko aukera. Nork esan du klase-borroka beste garai bateko kontua zela?