BOS genero honetara murgilduko duten emanaldi bietan Kuwaiteko Nabil Shehata izango da zuzendaria. Paul Simon, Duke Ellington, Eden Ahbez eta Betty Carteren lanak eskainiko dituzte, besteak beste.
2014ko edizioaren lehen zatia otsailetik ekainera egin zen, izen handiekin. Adibidez, denboraldia ireki zuen Tigran Hamasyan pianista armeniarrak (otsailaren 4a), eta ondoren izan ziren Gregory Porter Kaliforniako abeslari bikaina (martxoaren 12), Roy Hargrove tronpeta-jotzailearen taldea (apirilaren 23a) eta Terence Blanchard Luisianako tronpeta-jotzailea, konpositore eta moldatzailea (maiatzaren 27a). Denboraldiko bigarren zatia urriaren 15ean hasi zen eta Bilbon izan genuen Estatu Batuetako Ambrose Akinmusire tronpeta-jotzailea, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) oso kontzertu bereziak emango ditu Kurt Elling gonbidatuarekin (azaroaren 6a eta 7a).
Kurt Elling
Kritikari ugariren ustez, une honetako jazz abeslaririk garrantzitsuena da. Bere baritono ahotsak lau zortzidun hartzen ditu eta teknika harrigarria erakusten du emanaldietan eta inprobisazioetan. Nagusitasun tekniko handia dauka maila erritmikoan, tinbrikoan, dinamikoan eta fraseatzean, eta hurbilago dago instrumentista birtuosoaren eredutik ohiko abeslariaren eredutik baino.
Kurt Ellingen ezaugarri teknikoei eta estilistikoei esker artista paregabea da, baina berak argi eta garbi onartzen dituen eraginen artean Mark Murphy abeslaria eta Chet Baker abeslari eta tronpetista daude. Horrez gain, Elling-ek lan handia egiten du Chicago hiriko Steppenwolf antzokirako diziplina anitzeko antzerki-lanak idazten eta National Academy of Recording Arts and Sciences erakundeko kidea da. Grammy sarietarako hautagai izan da lau aldiz ‘Ahots-jazzeko albumik onena’ kategorian (‘Close your eyes’, ‘The messenger’, ‘This time it’s love’ eta ‘Nightmoves’ lanengatik), ‘Down Beat’ eta ‘JazzTimes’ aldizkarietako irakurleek ‘Jazz abeslaririk onena’ izendatu dute hiru urtez jarraian, eta munduko jazz jaialdirik garrantzitsuenetan aritu izan da.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS)
Orkestrak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehen kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsick-en zuzendaritzapean. Sortu zenetik, zuzendari titular garrantzitsuak izan ditu: Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesus Aranbarri, Jose Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcantara eta Juanjo Mena. 2008ko uztailaz geroztik Günter Neuhold da orkestraren zuzendari titular eta artistikoa.
2003ko uztailean, Valery Gergievek BOS gonbidatu zuen, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, San Petersburgoko Mariinski antzokian aritzeko, hiriaren 300. urteurrena ospatzeko ekitaldietan. Kontzertu horrek berebiziko garrantzia izan zuen orkestraren nazioarteko proiekzioan; izan ere, sarritan gonbidatzen dute Nanteseko Les folles journées eta Marseillako La Roque D'Antheron jaialdietan.