EuskarAbenturaren 3.edizioa 2021era atzeratu dute

uriola.eus 2020ko eka. 1a, 11:07

Osasun eta segurtasun baldintza guztiak bermatzeko zailtasunak direla medio aurtengo udan ez da EuskarAbenturaren espediziorik egingo. 

EuskarAbentura Elkarteak 3. edizioa 2021era atzeratzea erabaki du osasun eta segurtasun baldintza guztiak bermatzeko zailtasunak direla eta. Hala eta guztiz ere aurtengo udarako alternatiba bila dabil elkartea.

COVID-19ak sortu duen krisiaren ondorioz, uztailaren 1etik 31ra egin beharreko espedizioa abuztura atzeratzeko erabakia hartu zuen EuskarAbentura Elkarteak.

Orain, elkartearen batzar orokorrak 2020ko udan espediziorik ez egitea erabaki du: "osasuna erdigunean jarrita, gaur egun indarrean dauden neurriak eta jasotako aholkuak kontuan hartuta, egoerak ez du espedizioa aurrera ateratzea ahalbidetzen. Bizi dugun egoeran osasun eta segurtasun baldintzak guztiz bermatzea ezinezkoa izango da eta egitasmoaren helburuak ezin izango dira erdietsi". 

Bien bitartean elkartearen baloreak transmititzeko helburuarekin, gazteen aurtengo aisialdi beharrak osatuko dituen jarduerak pentsatzen hasi da alternatiba modura, euskal gazte sare euskalduna indartzeko eta Euskal Herria eta kultura ezagutzen laguntzeko besteak beste. Azaldu bezala honen inguruko informazio eguneratua sare sozialetan argitaratuko dute.