PARE Deustuko gazte talde feministak jada bere hirugarren egutegia kaleratu du. Diru falta zela-eta hasitako proiektu honek forma hartu du hiru urteotan eta taldearen mezua helarazteko tresna bilakatu da. “Ez dugu egutegi huts bat egin nahi”, diote taldekideek, “kontzientzia feminista bat eraiki nahi dugu”.
Urtero gaia aldatzen duten egutegi tematiko hauetan, emakumeon beldurrak dira aurten protagonista, eta noski, hauei aurre egiteko saiakera.
PAREkideek garrantzitsutzat jotzen dute egutegien bidez eginiko lana, batez ere Deustuko herritarrei zuzendutakoa, euren esanetan. “Deustualdean sentsibilizazio edota kontzientzazio lan bat egiteko asmoa dugu”, diote.
Kaleratutako egutegi txukun honetan langile bakarrak taldekideak beraiek izan dira. “Talde motorrekoek eta konpartsakideek hartu dugu parte”. Behin dena lotuta, asteetako lan gogor baten ostean, asteburu oso bat eman zuten Gaztedi dantza taldearen lokalean argazkilari lanetan. “Detaileak ondo zaintzen saiatzen gara, beti”, diote PAREko emakumeek.
8 euroren truke Herriko tabernan, Izeki tabernan, herri dendan edota taldekideei eskatuta eskuratu daitekeen egutegi honek harrera ona izaten ari da aurtengoan ere. “Jendeak asko gustatu zaiola esan digu, eta hori eskertzekoa da”, adierazi dute PAREkideek.