Leire Cañada: “Deustuko historiari buruzko unitate didaktikoa sortu nahi dugu”

prestaldizkaria 2016ko ots. 29a, 10:06
Argazkia: Iñigo Azkona

Egungo hezkuntza sistemak hobetzeko asko duela uste du Leire Cañadak. Hobetzeko bide horretan, Deustuko Hezkuntza Sareko kideak pauso txiki asko eman daitezkeela irizten dio, besteak beste, jolasaren eta motibazioaren bitartez.

Deustuko Hezkuntza Sareak bigarren urtez jarraian jardunaldiak antolatu ditu. Zein helbururekin?

Helburu nagusia da pausoka gure hezkuntza sistema sortzen joatea. Jardunaldien bitartez, batetik, hezkuntza komunitatea osatzen dugunok hurbiltzea nahi dugu eta, bestetik, hezkuntzaren gainean hausnarketa egin eta eztabaida sortzea nahi dugu.

Jardunaldiak otsailaren 19an burutu dituzue lau saiotan antolatuta. Zelako lau saio izan dira?

Tailer ezberdinak antolatzea erabaki genuen. Iaz arrakasta izan zuenez aurten formatu berdina mantendu dugu. Tailerrak dira ez dugulako klase magistralak izatea nahi, parte-hartzaileak baizik. Tailerretan hizlariek tailerrak zuzentzen dituzte, baina jendearen iritzia jasota eta jendearen parte-hartzea bermatuta.

Zergatik landu duzue Deustuko historia eta geografiaren gaia tailerretako batean?

Interesa dagoelako, batez ere, gazteen artean. Jakin-mina dute Deustuko historiaren gainean, ez dutelako argi nondik gatozen edota zer gertatu den azken mendean. Tailerrean lanketa egiteaz gain, Deustuko historiari buruzko unitate didaktiko bat sortu nahi dugu ikastetxeetara eramateko eta bertan erabil dezaten.

Zein eduki izan dute gainerako tailerrek?

Artearen hizkuntzak hezkuntzan izan dezakeen eragina aztertzea, indarkeria sexistari institutuetan aurre egiteko herramintak ematea eta ume txikien autonomia lantzea.

Indarkeria sexistak arduratzen zaitu?

Bai, noski. Ikasleak konturatu behar dira indarkeria sexista kasuak noiz gertatzen diren eta, gertatzean, funtsezkoa da erantzuteko zer egin dezaketen edo nola aurre egin diezaioketen jakitea . Tailerra institutuetan ikastaroak ematen dituzten bi lagunek zuzendu dute.

Eta zer gertatzen da umeen autonomiarekin. Ez zaie behar beste ematen?

Oso gai interesgarria da umeen autonomian gurasoek eta hezitzaileek duten funtzioa aztertzea hainbat metodologia baitaude autonomia lantzeko. Pikler metodoa, esaterako, San Inazioko Haurreskolan erabiltzen dute. Ume txikiei, nor bere beharrizan eta gogoaren arabera, garatzen uzten diete. Hezitzaileak begirale edo laguntzaile funtzioa du eta ez du klasea bideratzen. Adibidez, ipuin bat irakurtzen hasten denean, hezitzaileak ez die umeei agintzen korroan jesartzeko eta ipuina entzuteko. Irakurri egingo du eta nahi duen umea hurbilduko da ipuina entzutera.

Zelako jende mota hurbildu da jardunaldietara? Zelako jende mota erakarri nahi duzue Deustuko Hezkuntza Sarera?

Hezkuntza komunitate osoa erakarri nahi dugu: hezkuntzan interesa duen jendea, hezkuntzari buruz hausnartu nahi duen jendea eta, finean, gure hezkuntza aldatu edo beste bide batetik bideratu nahi duen jendea. Ikasleak, irakasleak, gurasoak eta hezitzaileak.

Aldaketarako beharrizan handia du egungo sistemak?

Ikerketa asko daude eta ikerketa horiek diote, besteak beste, gizakiok inteligentzia anitzak ditugula. Egungo hezkuntza sistemak, aldiz, inteligentzia bakarra hartzen du  kontutan, bisuala. Hortik irteten diren umeak sistematik kanpo gelditzen dira, ez dira uztartzen sisteman. Horrek arazoa sortzen du. Hainbat metodologia ikertu diren arren ez dira praktikan jartzen. LOGSE legeak dio umeen interesetik abiatuta eraiki behar dela hezkuntza, baina hori ez da egun aplikatzen. Orain LOMCE dator eta LOMCErekin atzera itzultzen gara. Berriro ere ikasi, ikasi eta ikasi, azterketa egin eta dena ahaztu metodologiara, hain zuzen. Horrek etorkizun polita ez du margozten.

Hezkuntzen Plataformen Topagunea eratu da tokian tokiko taldeak saretzeko. Topagunearekin bat egin duzue?

Bai. Deustuko Hezkuntza Sarearen beste helburuetako bat  erasoei planto egitea eta aurre egitea da, eta horretarako bat egiten dugu Topagunearekin. 3. eta 6. mailako azterketak direla eta, iaz ahalegindu ginen dinamikak sortzen Intxixu Ikastolari tokatu behar zitzaiolako azterketak bertan egitea. ‘B plana’ antolatu genuen eta bertan  hezitzaileek eta Txantxikuko eta Gazte Alaiko begiraleek parte hartu zuten, irteera emateko umeak ikastetxera bidali nahi ez zituzten gurasoei. Baina ez da gure lehentasuna, guk batik bat garrantzia eman nahi diogu hausnarketari eta hezkuntzaren gainean eztabaidatzeari.

Badu Deustualdeko hezkuntzak bereizgarririk?

LOMCEk ezarri nahi dituen azterketen aurka Bizkaia mailan badaude eskualde batzuk mugimendu handia dutenak, gurasoen inplikazioagatik eta antolatu diren mobilizazioengatik. Deustualdean, adibidez, hori ez da ikusi. Oso zaila da orokorrean Euskal Herri mailan jendea mugitzea hezkuntzaren inguruan.

Zergatik?

Ez dakit, hezkuntzak daukan garrantzia handia baita. Baina deialdiak egiten dituzunean, asanblada baterako edota LOMCEren inguruko hitzaldi baterako jendea batzea oso zaila da. Bilbon manifestazioa egin denean hezkuntza dela eta, parte-hartzea beste hiri batzuekin alderatuta askoz txikiagoa da. Hezkuntzak garrantzia izan arren, jendeak ez du parte-hartzen. Arrazoia ez daukat argi, baina horrela da.

Umeei irakasleek bidaltzen dizkien etxeko lanen inguruan eztabaida piztu da han-hemenka.

Asko zabaldu den bideo batetik sortu da etxeko lanen inguruko eztabaida. Horren ondorioz mugitu da hezkuntzari buruzko hausnarketa eta BIGEk esaterako galdetegi bat eskegi du gurasoek erantzuteko. Gure seme-alabek etxeko lanak egiten egunean zenbat denbora ematen duten eta zer nolakoak diren jakiteko. Etxeko lanen gainean mugimendu apur bat sortu da hezkuntza komunitatean, eta ez da gutxi.

Deustuko Hezkuntza sareak antolatutako bi jarduenaldiek, berriz, arrakasta izan dute.

Pozik atera da jendea, jende asko, eta gu ere harritu gara. Orokorrean balorazioa oso ona izan da. Horrelako ekintza gehiago eskatu dituzte. Tailerrak laburrak izan ziren iaz eta horregatik luzatu ditugu bi ordura aurten.

hezkuntzasarea@gmail.com

Hezkuntza sistema aldatzeko ideiak nondik sortzen zaizkizue? Ingurutik? Eskandinaviatik?

Ideia asko ditugu, Escandinaviara joan barik, pauso txikiak emanez gauza asko alda daitezke, kanpotik ikusita errazak ematen dutenak. Baina hezkuntza sistema baten barruan zaudenean aldaketak egiteko beldur handia dago. Beldur handia dago zuzendaritza taldeetan, irakaslegoan, gurasoen artean… Finean, betikoa ezaguna da eta betikotik irteteak  zure ezagutza mundu horretatik irtetea suposatzen du eta apur bat gehiago inplikatzea, baita gauza berriak egitea ere.

Eman daitezkeen pauso txiki horien artean zein da lehentasuna?

Umeak direla gogoratu behar dugu eta jolasteko aukera gehiago eman beharko genieke. Haur Hezkuntzan mailaren eta irakaslearen arabera jolasten dute eta Lehen Hezkuntzan betiko sistemara pasatzen dira, umea bere aulkian jesarrita dago eta jolasa ordu txikietara mugatzen da. Jolasa ikasteko tresna oso indartsua denean.

Beste pausorik pentsatu duzue?

Motibazioa lantzea funtsezkoa litzateke. Umeak ez daude motibatuta. Ekintzak ez direnez euren interesetatik abiatuta egiten, motibazioa ez da handia.