Olatz Iglesias Mujika: “Dispertsioarekin kaltea ziurtatuta dago: edo eraso edo hil egiten zaitu”

prestaldizkaria 2016ko mai. 9a, 10:09
Argazkiak: Iñigo Azkona

Txikitatik sakabanaketa pairatu duen Olatz Iglesias Mujika deustuarrak euskal presoei urtetan ezarritako dispertsio politikak senide eta laguneei eragindako ondorioetaz hitz egin dio URIOLAri. Ondorio horiek etetako gizartearen konpromisoa eskatu du: "Ematen du eszenatoki politikoa aldatzen ari dela, gauzak aldatzen ari direla, egia da, baina guk astebururo errepidera irteten jarraitzen dugu maite ditugunak ikusteko, eta guretzat ez da ezer aldatu. Uste dut badela garaia konpromisoa berraktibatzeko".

‘Haurrak eta dispertsioa’ izeneko solasaldia antolatu du Etxerat elkarteak Deustun, Bidarte udaltegian. Zelako harrera izan du?

Solasaldira joango zen jende kopuruagatik urduri nengoen. Izango zuen erantzunagatik. Bidartera heldu nintzenean 70-80 bat pertsona zeudela esan zidaten. Jende oso anitza gainera: gazteak, adineko jendea, senideak eta baita dispertsioa pairatzen ez duen jendea ere. Taldekideok asko poztu ginen, ekitaldiaren helburua jendea gaiarekin lehen kontaktua izatera animatzea baitzen, dispertsioaz sentsibilizatzea eta gaia senideen ikuspegitik sozializatzea. Jendeari azaldu nahi genion adingabe batentzat zer den ehunka kilometro egin behar izatea aita, ama edota kasu batzuetan biak ikusi ahal izateko. 

 

Bi dokumental proiektatu ziren, eta ondoren irakasle batek eta Etxerat elkarteko kide batek hitz egin zuten haurrei dispertsioak eragiten dizkien ondorioei buruz. Jendeak parte hartu al zuen solasaldian?

Nire ustez, jendea hunkituta gelditu zen bideoko testigantzak entzun zituenean. Gainera, kosta egiten zaigu jendaurrean hitz egitea, zerbait esateko gogoa izan arren. Galdera pare bat egon ziren, eta hitzaldiaren ostean zoriondu egin gintuzten. Nire ustez, dispertsioa eta haren ondorioak ezagutu ez dituen jendeak mezua barneraturik eraman zuen etxera.

 

Hurbildu zitzaizun inor zerbait esatera?

Bai. Ekitaldiaren bukaeran iruzkin positiboak egin zizkidaten. ‘Oso polita izan da’, ‘oso hunkigarria’ edota ‘asko gustatu zait’. Horrelako iritziek indarra ematen dizute. Ez zaudela bakarrik eta gai hau guztion kezka ere badela sentiaratzen dizute. 

 

Dispertsioa oso bakartia delako izan da indargarria zuretzat?

Preso bakoitzeko familia bana dago, eta ematen du bidaiak, paketea, prestaketak... dena dela familiaren ardura. Horregatik, jendea hurbiltzen dela eta kezkatzen dela nabaritzeak kristoren indarra ematen dizu, zeren ez baita senideen arazoa bakarrik.

 

Deustun babestuago sentitu zara?

Bai, espero nuena baino gehiago.

 

Solasaldian hezkuntza arloko jende gutxik parte hartu zuela aipatu duzu.

Ia inork ez. Deustuko ikastolan dispertsioa sufritzen duen ume bat egonik, tutoreek eta irakasleek interes apur erakutsi beharko lukete kasu hori nola normalizatu ahal den jakiteko. Ikastetxeetatik ezer gutxi aldatu ahal da, baina dispertsioa pairatzen duen adingabearentzat garrantzitsua da jakitea andereñoak edo maisuak berarekin enpatizatzen duela, agian azterketen egunak aldatu ahal dituztela asteburu horretan bidaia eduki duela jakinda…  

Ikasi duzun ikastetxeetan desberdin sentiarazi zaituzte?

Denetik jaso dut bai irakasleen aldetik bai ikaskideen aldetik. Izan dut esperientzia txarren bat irakasleren batekin. Data seinalatuetan, amaren edota aitaren egunean esaterako, eskulanak egiten genituen, eta niri ‘Olatz, zuk ez egin’ esan zidaten behin. Irakasle hark ez zekien egoera behar bezala kudeatzen.

 

Gurasoak espetxean eta dispertsio politikaren ondorioz etxetik urruti izan dituzu umetatik. Zer da zuretzat dispertsioa?

Tortura bat eta, batez ere, presio neurri bat bai presoa bai senideok presionatzeko. Dispertsioarekin kaltea ziurtatuta dago: edo eraso edo hil egiten zaitu.

 

Zelan ulertzen dute oro har herritarrek dispertsioa?

Gizartea askotan irten da kalera dispertsioaren amaiera eskatzeko. Hor daude urte hasierako manifestazio erraldoiak. Gizartea aspalditik ari da hori eskatzen, inoiz ez duelako zentzurik izan, eta orain are gutxiago. Dena dela, jendeak kilometroekin, errepidearekin, bidaiekin edota istripuekin lotzen du dispertsioa. Baina horren atzean badaude beste hainbat ondorio hain nabarmenak ez direnak eta kalte egiten dutenak dispertsioa paraitzen dugunongan.

 

Adibidez?

Niri, adibidez, ez dit ikasketetan gehiegi eragin, baina ume askori bai. Dispertsioak ikasketak oztopatzen ditu. Bidaia ohar artean eman arren, ez dago kontzentratzeko modurik. Gauez egiten baduzu bidaia, gaizki. Irakurtzen zorabiatzen bazara, nire kasuan bezala, akabo. Gogorra da. Ostiralean eskola ordua bukatu baino lehen irten behar duzu gelatik, eta igandean kilometro asko egin behar dituzu astelehenean errutinara itzultzeko, komeni den atsedenik gabe. Zaila eta nekagarria da, eta horregatik ostiral eta astelehenetan hainbat huts egin dut nik klasera.

 

Dispertsioa arlo akademikotik haratago doa.

Horrela da. Ez da eskolara mugatzen, eskolaz kanpoko ekintzei ere eragiten die. Ni saskibaloian eta musikan aritzen nintzen, eta partidu eta kontzertu asko galdu ditut. Lagunen urtegunak galdu ditut. Orain pentsatu arren ‘urtebetetze bat baino ez da’, hain adin txikian horrelako gauzak oso garrantzitsuak dira, batez ere zure harreman sozio-afektiboak eta gizarte trebetasunak garatzen ari zarenean. Desberdin sentitzen zara. Zu zara faltatzen dena, eta gainera, zergatik? Aita eta ama ikusteagatik. Hain gauza normalagatik, bizikidetza familiarra atenditzeko. Horrelako gauza oinarrizko bat egiteko hainbeste gauza galdu behar eta hainbeste gauza jokoan ipini behar; finean, bizitza bera jokoan jartzen dugu.

 

Zenbat kilometro egin duzu gurasoak bisitatzeko?

Ez dakit esaten. Aita Frantzian zegoenean eta ama Espainiara estraditatu zutenean izan nituen gurasoak sakabanatuen. Dispertsioaren alderdi bortitzena ezagutu nuen gurasoak sakabanatuta egoteaz gain haien artean dispertsioa ezarri zutenean.

 

Zerbait ona eman dizu dispertsioak?

Ondo ere pasatu dut. Txikitan Frantziarako bidaiak egiten genituen lehengusinarekin eta osaba-izekorekin furgonetan. Asko babesten zaituztenez oporretan zoazela ematen du. Asterix eta Obelixen parkera zoaz, Disneylandiara; ez zara enteratzen. Gainera, ama eta aita ikusten dituzu. Bikaina da; oporrak dira.

 

Noiz utzi zion opor izateari?

Galderak egiten hasten zaren adin kritikora heltzean. Nire kasuan, zazpi bat urte izango nituen. Azaleratu gabe ere, zure buruari galdetzen diozu zergatik egin behar dituzun hainbeste kilometro gurasoekin egoteko, zergatik dauden hain urrun, zergatik dauden hain banatuta. Eta noski, zergatik dauden kartzelan. Ez dakizu zein den arazoaren muina, baina badakizu badagoela pieza bat logikarik ez duena eta min ematen dizuna.

 

Pieza hori identifikatu duzu? Ipini duzu bere tokian?

Bai. Umetan ez duzu egoera ulertzen eta galderak baino ez dauzkazu. Gero piezak muntatzen dituzu eta ulertzen duzu zergatik den, zein interes dagoen guztiaren atzean, zein den problematika. Ulertzen duzu hauek ondorioak direla eta, bidezkoak izan edo ez, senide izatea tokatu zaizula.

 

Biktimatzat daukazu zure burua?

Dispertsioa pairatzen dugun senide guztiok gara dispertsio politikaren biktima, bai. Senide izatea ez da erabakitzen den zerbait, tokatzen zaizun zerbait baizik. Familiako nahiz lagun arteko harremanei edota lotura afektiboei uko ez egiteagatik ordaintzen dugun prezioa oso larria da, eta horregatik diot dispertsio politikaren biktima garela. Ba-tzuetan, ordaintzen den prezioa izugarri garestia da. Dispertsioak, kalte fisiko eta material ugari eragiteaz gain, 16 heriotza eragin ditu. 16 biktima, bisitara iristeko aukerarik izan ez duten 16 senide. Konpondu ezinezko kaltea. Eta bidaiak egiten ditugun senide guztiok sartzen gara errusiar erruleta horretan (haurrak, adineko jendea…). Bidaiak egitea gure erabakia da, baina erantzukizuna ez. Inposatutako bidaiak dira.

 

Senideen egoera zein neurritan aldatuko litzateke presoak Euskal Herrira hurbilduta?

Aita kartzelan izanda ezin dut harreman normalizatu bat izan berarekin, baina are gutxiago hain urrun badago. Oso desberdina litzateke Basaurin balego eta nik astebururo ikusi ahal izango banu. Jendea gero eta kontzienteagoa da. Ez gara eskatzen ari ezer berezia, ari gara eskatzen dispertsioarekin amaitzea, neurri bidegabe hau bukatzea. Gizartearen %70 dispertsioa etetearen alde badago, non dago erabaki hori har dezakeen boterea? Zergatik ez du honekin amaitu nahi? Zein interes du? Argi dago dispertsioa erabaki politikoa izan zela eta ekimen politikoarekin amai daitekeela gaur bertan, nahi bada. Baina ez dute nahi. Zergatik? Noiz arte egongo gara horrela?

 

Aldaketa garaia da hau.

Ematen du eszenatoki politikoa aldatzen ari dela, gauzak aldatzen ari direla, egia da, baina guk astebururo errepidera irteten jarraitzen dugu maite ditugunak ikusteko, eta guretzat ez da ezer aldatu. Uste dut badela garaia konpromisoa berraktibatzeko. 

Mirentxineko gidariek furgoneta martxa egin dute dispertsioaren amaiera eskatzeko. Zelako zerbitzua da Mirentxinek ematen duena?

Txalotzekoa. Eskerrak eman behar zaizkie gidariei haien prestutasunagatik eta inolako interesik gabe beti laguntzeko prest egon direlako, astebururo. Jakin izan dute identifikatzen senideon behar bat eta horri konponbide bat ematen. Ni lanean ari naiz uneotan, eta asteburuan berriro martxan jarriko gara errepidean. Asteguneko nekea dugula gauez gidatzea kristoren arriskua da. Horregatik, jendea laguntzeko prest egotea, Mirentxinekoak eta beste asko, txalotzekoa da.

 

Maiatzaren 14an dispertsioaren aurkako beste ekimen bat antolatu du Sare dinamikak.

Bai, ‘Hartu trena! Dispertsioari stop! lelopean, 13:00ean, Plaza Biribilean ekitaldia antolatu du Sare dinamikak. Ekitaldiarekin bat egiteko, aurretiaz hiru tren edo zutabe antolatu dira. Deustukoa, 11:30ean irtengo da Done Petri plazatik.