uriola.eus

Deustuko ikastolako ikasleek planto egin diote errebalidari

  Hezkuntza  Deustualdea

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasle bat bera ez da sartu gaur goizean Deustuko ikastolan Hezkuntza Sailak agindutako errebalida azterketa pilotua egitera. Ikastetxearen kanpoaldean plantoa irudikatu dute dozenaka ikasle eta gurasok Ikasle Abertzaleak eta Hezkuntza Plantaformen Topagunearen deiari erantzunez. 

Deustuko ikastolako ikasleek planto egin diote errebalidari
Argazkiak: Nerea Cubillo / Buiaka | Ikusi handiago | Argazki originala

Deustuko Ikastolan hiru gela daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailan. 75 ikasle inguru. Gaur, Hezkuntza Sailak agindutako errebalida azterketa ez egitea erabaki dute. Ikastolan sartu ordez, atean geratu dira, protestan. "Ez da DBH4ko ikasle bat bera sartu. Gelak hutsik egon dira. Hortaz, ez da errebalida azterketarik egin", adierazi dio URIOLAri Eskola Kontseiluko kide Nerea Olaziregik.

Atarian goizeko 07:50etik ondoan izan dituzte maila bat beheragoko ikasleak ere. DBHko 3. mailako ikasleek ere ikastolan ez sartzea erabaki dute. Izan ere, errebalida azterketa datorren kurtsoan "eurei tokatuko zaiela eta, elkartasunez planto egin dute", Olaziregiren esanetan.

Protesta 10:30ean bukatutzat eman dute. Ikasleekin batera parte hartu dute ikastolako familiek ere. Gurasoen presentzia "handia eta etengabea" izan da. Une batean DBHko zenbait irakaslek bat egin dute plantoa irudikatzen ari ziren lagunekin. Ikasle eta gurasoek txaloka hartu dituzte irakasleak. 

Zaratatsua eta ikusgarria izan da oro har plantoa. Pankarta ugari zabaldu dituzte ikastola aurrean eta oihu, txalo eta bozina hotsak ozen entzun dira Iruña eta Jon Arrospide kaleen inguruan. LOMCE, Heziberri eta errebaliden aurkako mezuak eta "hezkuntza propioa eraikitzearen" aldekoak izan dira nagusi. 

 

Planto "esanguratsua"

Hezkuntza Sailak, hasiera batean DBHko 4. mailako errebalida azterketa egiteko aukera ikastetxeen esku utzi bazuen ere, "batzuei bai ala bai froga pilotu hori egiteko agindu die" ikastetxetako zuzendariei mezu bitartez jakinarazi dienez. Deustuko ikastola izan da 'errebalida' bezala ezagutzen den azterketa DBHko 4. mailan egitera "behartu" dutenetako bat.

Deustuko Ikastolako Eskola Kontseiluak aurtengo ikasturtean erabaki du, aurrekoan bezalaxe, "LOMCEtik datozen ebaluazio froga guztiei planto egitea". Eta Deustuko ikastolako zuzendaritzak, "kontra egon arren, azterketa egitea erabaki du". Horregatik iruditzen zaio Eskola Kontseiluko kide Nerea Olaziregiri gaurko plantoa "askoz esanguratsuagoa", "benetako inposaketa bati" erantzun zaiolako. Ikasle Abertzaleak, Hezkuntza Plantaformen Topagunea eta Deustuko ikastolako ikasle eta gurasoen parte-hartzeari esker "indar pilo bat" batzea lortu dute. Deustuarrek eginiko plantoa beste ikastetxeetan errepikatzen bada hurrengo ikasturtean Hezkuntza Sailak "birritan pentsatu beharko du". 

 

Bihar Legebiltzarrean

LOMCEren araberako errebalidak bertan behera uzteko Legez Besteko Proposamen bat eztabaidatuko da bihar Gasteizko Legebiltzarrean. Hori dela eta, Hezkuntza Plataformen Topaguneak kontzentrazioa egingo du Legebiltzar kanpoan, 12:00etan, eta kontzentrazio ostean, prentsa agerraldia eskainiko du Legebiltzar barruko Prentsa Aretoan bozketen emaitzak baloratzeko.

 

Ostiralean Unamuno BHIn

Maiatzaren 19an, ostiralean, Unamuno BHI institutuan egin nahi ditu errebalida aztertetak Hezkuntza sailak. Bizkaian Barakaldoko Beurko BHI, Getxoko Aixerrota BHI, eta Bagatza, Arrigorriaga eta Ondarruko zenbait institututara ere helduko dira LOMCEren azterketak.

 

[2017-05-16] Heldu dira LOMCEren errebalidak Bilboko institutuetara

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa