Hoax, TXN taldearen lehen diskoa

prestaldizkaria 2013ko ots. 4a, 10:42

Alex Arregi deustuarraren proiektu berria da TXN, Txoriak Negutegian, musika taldea. Oinarri elektronikoa duen musika da, giro edo sonoridade industrialarekin, baina betiko rock kutsua ahaztu barik. Taldeak argitaratzen duen lehen lana da "Hoax". Durangoko Azokan egin zuten aurkezpena, eta orain hura zabaltzen eta ezagutarazten dabiltza.

Duela urte pare bat, Joseba Lafuente eta Alex Arregi taldekideak ideia gorpuzten hasi ziren entsegu lokalean.  Bide berriak ikertu nahian, froga ugari egin behar izan zituzten, bilatzen ari zirena ondo zehazteko. Erronka moduan biak bakarrik aritzea pentsatu zuten. Musika kolektiboa sortu zuten, gerora beste lagunen ekarpenak jasotzeko asmoz.

Txoriak Negutegian izena

Taldearen izena, gaur egungo munduari eta bizimoduari buruzko gogoeta kritiko baten osteko ideia izan zela azaltzen digu Alexek. "Bizimolde behartu eta estu batera eramaten gaituzte, itxuraz nahi gabe, baina erabat planifikatuta gure ustez. Gezur handi horren irudikapen modura ikusten genuen txoria. Txoriak adierazten duen askatasunaren parean, gizakiak sortutako egitura artifizial bat kontrola bermatzeko: negutegia. Hortxe beraz, txoriak aske hegan baina kontrolpean".

Erronka eta bide berriak ikertzea dute helburu. Horren adierazle, kantak sortzeko modua. "Hainbat kantu-ideia ordenagailu bidez sortu izan ditugu, batez ere, Josebak proposatutako erritmo eta sintetizadore soinuak oinarritzat hartuta. Gero, gitarrak batzen saiatzen gara, beti ere, ohikoak diren moldeak albo batera uzten ahaleginduz". Dena dela, testuari garrantzi berezia ematen diote Txoriak Negutegian taldeko kideek. "Testuek islatu nahi dutenari asko erreparatzen diogu ideia edota kontzeptu horiek kantu bihurtzeko orduan" azpimarratzen digu Alexek.

Kantuen bidez, transmititu nahi duten kontzeptu nagusia, gizarte kapitalistaren gezurra da, taldekideen esanetan. "Botere ekonomiko handien atzean ezkutatzen dena azalera ekartzeko ahalegina egiten dugu. Eguneroko bizimoduaren gaineko gogoeta kritikoa egin nahi dugu. Berez, sistemak zer egin behar dugun agindu eta horri modu kritikoan erantzun beharraz, zergatik galdetzearen beharraz, zalantzak, kezkak izatearen eskubideaz eta hainbat gauzari ezezkoa esateko eskubideaz".

Ibilbide musikal luzea dute bi taldekideek. "Joseba beti ibili da ezkerraldeko rock taldeetan jo eta su. Susisexi, Zarama, Urreztieta Konexion. Azken talde honetan ezagutu genuen elkar. Ni neu, Deustuko lagunekin Keats sortu genuenetik hainbat saltsatan ibili izan naiz. Azken aldian, Bihotz Bakartien Klubarekin alor akustikoan aritu izan naiz".

Hoax diskoa

Autoprodukzio lan hau Santurtziko Mamariga auzoan egin dute. Tontxu Tabaresek koordinatzen duen STS estudioetan. Egun gutxiren buruan egin zuten EP edo iraupen laburreko disko honen grabaketa. Hiru kantu biltzen ditu eta bideoklip bat.

"Ziria, gezurra adierazi nahi duen Hoax diskoa osatzeko funtsezkoa izan dugu Pablo Holguera soinu teknikari gaztearen laguntza. Gure hirugarren txoria bihurtu da Pablo. Eta nola ez, GT baxujolearen kolaborazioa ezinbestekoa izan da. Zuzenekoetan ere gurekin arituko da GT, negutegia gainditu eta hegan egiten hasteko laugarren txori gisa" azaldu digu Alexek.

Bideoklipa Errekaldeko entsegu lokalean eta inguruetan, eta Erandioko lantegi baten grabatu zuten. "Gure proiektuaren erronketako bat, multimedia arloa jorratzea da, hortaz, bideoklip hau lehenengo urrats bat izan da".

Diskoaren aurkezpena Durangoko Azokan egin zuten. "Euskal Sortzaileen Gunean aritzeko aukera izan genuen. Giro polita egon zen eta formato berria aurkezteko aukera ederra izan zen". Aurrera begira, zuzenekoetan aritzea dute helburu. "Gure musika proiektua ezagutarazi nahi dugu, rock molde klasikoetaz gain beste musika batzuk ere badaudela erakutsi eta hori guzti hori Euskal Herrian posible dela" gaineratzen du Alexek.

txoriaknegutegian@gmail.com

txoriaknegutegianblogspot.com

www.facebook.com/txoriaknegutegian.txn

www.myspace.com/txoriaknegutegian