uriola.eus

Erribera sutan

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Duela pare bat hilabete Deustuko Erribera komunikabide guztien ahotan zen, auzokide bat erasotu zutelako etxera zihoala. Astebetez telebistako hainbat saiotan izan genuen berri hau, egunkarietan eta hedabide desberdinetan.

Arratsaldeko solasaldi programetan, bazirudien denek zutela zer esana, baina ordutik, zer gertatu da? Hain larria zirudien arazoa, bat-batean desagertu da?

Erasoa gertatu, eta agudo aldatu zuten hesia. Izan ere, bazirudien, hori zela arazoetako bat. Denbora gutxira, sarekada erraldoia egin zuten indar polizialek, pabilioietan bizi den jendea identifikatuz. Jende honek ez du bizi mediorik, eta etorkizuneko proiektu horren aurrean abandonatuta geratuko diren pabilioietan bizi dira asko, baldintza tamalgarrietan. Benetan uste dugu arazoa sarekada batek konponduko duela?

Azken hilabete hauetan suteak izan dira, eta suteak diot, ez delako bakarra izan. Suteok antza, ez dira larriak, eta horregatik ez dira komunikabideetan agertu. Baina, auzo berean, hilabete batean gutxienez hiru sute gertatu direnean, arazo bat dagoela ez al da agerikoa? Aste batean, suhiltzaileak birritan izan direnean? Ez da alarmista izatearren, baina hain da agerikoa egoera…

Ez dakit zer itxaroten ari garen, agian, pabilioi guztiak botako dituzten unea. Bitartean gertatzen ari direnei kasu egin gabe, eta proiektua garatuko den egunaren esperoan. Orduan, beharbada, suteak beste nonbait izango dira. Bitartean, Erriberako biztanleak, edo gutxienez batzuk, etorkizuneko irla hau bezala, sutan gaude.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa