uriola.eus

Bazen behin urrunean, sumendia

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

“Bazen behin urrunean sumendia” hauek dira larunbatean jaso genuen esku-orriko lehenengo hitzak. Deustuko La fundición aretoan izan ginenok Tripak kolektiboak sortutako Urruna antzezlana ikusteko aukera izan genuen eta pozik esan dezaket plazer bat izan zela.

Tripak Maite Mugerzak, Andrea Berboisek, Marina Suarezek eta Natalia Suarezek osatzen duten kolektiboa da, uztailean obra honen aurrekaria egin zuten Markinan eta hiru hilabete beranduago BAD programa barruan aurkeztu dute material zaharra eta berria batuta.

Obra deskribatzea ez da erraza ez delako narratiboa. Sumendi batean gertatzen da eta hainbat pertsonaiaren  irudi segida batek osatzen du, irudiok, bata bestearen atzean jarrita forma ematen diote lanari.

Barre egin genuen, asko, zehazki zergatik ulertu gabe, absurdukeriez. Ez dakit asoziazioek ezer argitzen duten, baina zer idatzi pentsatzen ari nintzela Blake Edwardsen The party film ezaguna etorri zitzaidan burura, soinekoak zirela eta akaso, soineko luze haiek, eta traje zuria, edo skech edo gagaren ideia agian. Gero eta gehiago pentsatu orduan eta lotura gehiago egiten nituen, ez soineko eta umore absurdoarenak bakarrik; pelikulako aparrak antzerkiko kea gogorarazten zidan, abesten zuen neskak Marina eta Maiteren kantua, dantzariek dantzariak, kaosak kaosa, gainjartzen diren ekintzek ekintzak, elefanteak umea, txizagurak txiza... Egia esan interpretazioak mila izan daitezke, hau asmakizun posible bat da. Film honen inguruan hurrengoa irakurri nuen “Bizipoza absurdoak diren gauzetan jaio da, erotuta dagoen unibertsoan”. Eta orduan Urruna jai bat dela iruditzen zait, eta denok gonbidatuta gaude.

Ospakizun honek zentzutasuna eta forma zuzena edo egokia albo batera uzten ditu eta beste leku batera garamatza, ulerterraza ez den toki batera: iluna eta garratza batzuetan, leuna eta maitekorra besteetan.

“Bazen behin urrunean, sumendia (...) Mendia maitasunez desegiten zen (...) Komunitate berezi honetako kideek sumendia zaintzen dute, seinale guztiei kontuz. Koro izerditsu bat osatzen dute, historia terribleez eta susmo txarrez betea baina umore keinuz eta maitagarritasunez ere” 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa