uriola.eus

Betekada ostekoak

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Elkarrizketa bat hitzez hitz gogoratzen dutela dioten horiek gezurtiak edo mitomanoak iruditu zaizkit beti. Niri izpiak baino ez zaizkit geratzen inoiz, zuloz betetako testu batean harrak jandako dokumentu baten gisa. Neure hitzak berak ere, esan ditudan une berean, ez ditut entzuten. Inorenak, berriz, joan egiten zaizkit, eta nire ezpainak iristeko moduan dagoen aho baten mugimendua baizik ez dut gogoratzen. Gainerako guztia birsorkuntza arbitrario bat baizik ez da, eta hemen gogoratzen ari naizen adierazpenetarako ere berdin balio du horrek.

 

Janari gehiegi dagoela, aurten ez gara pasatuko. EZ. Beti berdin gabiltza eta, eta gero ezin lorik egin. Umeek ere ez dezatela jostailu gehiegi jaso, ikas dezatela gauzak preziatzen. Heldu zen katalogoa eta aukeratu zituzten denak arrosak eta urdinak. Aurten hobe oparirik ez egitea, baina ez al zaizu tristea iruditzen?

Mahaia atonduta, bat, bi, hiru, lau, hamaika. Koilara bat falta da, eta edalontzi bat, Ez, ez, falta den kopa nik daukat. Zuria ala beltza? Beltza, mesedez. Eskerrik asko.

- Entsalada

- Zainzuriak, bi

-Urdaiazpikoa, apur bat

-Langostinoak, bat bakarrik

Ei! jan ezazu azkena! Ez duzula nahi? Bi besterik ez dira geratzen eta! Hori ez duzu utziko. Beste toki batzuetan jatekorik ere ez dute eta.

-Kroketak, bat

Nola ez, amamak egin ditu, eta jan beharko!

Elkarrizketa: eta orain? Zertan ari zara orain? Ni, tira…. Hemen eta han, badakizu… Zu egon zaitez trankil, topatuko duzu zerbait.

Ez dakit zein haurdun dagoela! “¡Qué dices!”

Ba beste horren alabak nobioa utzi duela. Ez dakit, zeinena? Nagusiena edo gaztea? Ardorik nahi? Gu gazteak ginenean ez dakit zer eta bestea eta…

-Bakailaoa saltsan, 

Niri zati txiki bat, mesedez, ezin dut gehiago! Et, et, et, txikia esan dizut! Neskaaaaaa, hau ez da ezer! Saltsa apur bat.

Amamak: auzokideak zazpi seme zituen, eta inoiz leihora irteten zen oihukatzera, ez zituelako aguantatzen. "AAAAAAAAAAAAAHHHHHHHH", lasaitu ederra. - Ardorik nahi? Ez dakit nork oparitu zidan. Ona al dago?

-Zopa, beroa

Ona da, gainera, honek gainerakoa digeritzen lagunduko dizu. Tira, beste batzuek ez dute ezer. Grazia egiten dit gure gehiegikerien justifikazio honek. Ez zaitez horrela jarri, beti zabiltza kontu berdinekin! Topa!

Sopa pixka bat probatzeko besterik ez, nahikoa da, nahikoa! Beste botila bat irekiko dut?

Amama zazpi semeena… Zazpi seme horietako batek letxuga bat lapurtu omen zuen behin eta korrika joan omen zen etxera, gizon batek jarraitzen ziola esan eta amak: baina lotsagabe halakoa! Nolatan jarraitzen dizu ba! Gizona letxugaren lapurraren atzetik zetorren eta amak ezin horrelakorik sinistu. AAAAAAAAAAAHHHHHHH! Semeak letxuga falta zuen seinale, hilabetez letxuga bazkaldu eta afaldu zuen, gainerako sei anaien begiradapean. 

-Okela 

-Mazedonia, 

-Turroia: biguna edo gogorra

-Xanpainik bai?

-Kafea

Bihar penitentzia: Omeoprazol eta zopa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa