uriola.eus

Praktikotasunaz

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Azken aste honetan mugikorra begiratu dut inoiz baino gehiago, sare sozialak etengabe ari dira berritzen, txiste eta meme asko tartean, larritasun mezuak eta aldarrikatzaileak heldu zaizkigu, denak nahastuta.

Mezu hauen artean, bada bat, arteari heldu nahian dabilena eta askotan hezkuntza arloari zuzentzen zaiona, horrelako zerbait da: a ze nolako kasualitatea, gutxien baloratzen diren ikasgaiak: musika,  artea, eta gorputz hezkuntza izatea bizi dugun egoera latz honetan oreka mantentzeko bidea. Aditu guztiek diote. Eta honek egoera honetarako balio badu, pentsa esazue egoera normaletan! Molde honetako hainbat mezu jaso ditugu. Musikaren balio terapeutikoari egiten diote erreferentzia askok eta badira mehatxuzko mezuak ere, garratzagoak edo: Krisi hau amaitutakoan gogora zaitezte nola lagundu gaituzten idazteek, zinemagileek... Eta abar luze bat. 

Esan beharra dut, kasu askotan mehatxu tonu honek molestatu egin nauela eta deseroso sentiarazi nauela erabat. Ez nazazue gaizki ulertu, ez naiz ari inondik inora ere, sormenak orokorrean hezkuntzan izan beharko lukeen tokiaz, argi dago guztiz baztertua daukagula. Eta ez dut dudan jartzen ere irakurketak, musikak, zinemak... izan dezakeen balio askatzailea. Hala ere, mezu gehienek logika praktikoa jarraitzen dutela uste dut, hau da, produktiboa: hau beharrezkoa, baliagarria da. Justifikatzeko nahi bat balego bezala eta iruditu zait badagoela askotan lezioak emateko nahia eta moral nagusitasuna: guk bagenekien eta zuek ez.

Mundua ez du margolan batek salbatuko, opera batek ez du langileen egoera duinduko, pelikula batek ez du etorkinen egoera hobetuko, eta argi dago kantu batek ez duela coronabirusa desagerraraziko, ezta krisi honen ondorioak leunduko. Virginia Wolf irakurtzen ari naizela zera irakurri dut: Munduak ez dio inori eskatu nobelak eta poemak idaztea, ez baititu behar. Flaubertek hitz zehatza aurkitzea edota Carlylek egitateak zehatz-mehatz egiaztatzea ez zaio munduari inporta. Eta Natalia Ginzburg: Ez dut uste idazleak eta haiek idazten dituzten liburuak, bizitza publikorako erabilgarri izan daitezkeenik. Hauen erabilgarritasun ezean sinesten dut, erabilgarritasun ez eder eta zoragarrian. (...) baina gure existentziaren gauza altuenek, arteak, poesiak eta musikak, ez dute inolako helburu ikusgarri edo ukigarririk, eta izan nahi dutenean, bat-batean pobretu eta ahuldu egiten dira. 

Logika produktibo batetatik, ez da baliagarria, eta ez al da hori ederra? Bizitzarekin duen loturan sinesten dut eta nik behintzat, ez dut musika, pintura, antzerki, pelikula edo nobela bako mundu batean bizi nahi.




Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa