uriola.eus

TXO-TXO-TXORIZO!

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Batek esan zion ez zuela bueltatu nahi. Bat-batean gelditzeak erakutsi ziola, nolabait, gauza asko egiten zituela, gehiegi. 

Eta ez, ordutik aurrera ez zela presaka ibiliko, hartuko zuela denbora bere buruarentzat eta disfrutatuko zuela gertukoez. Ez zela ibiliko presaka, inoren atzetik, nekatuta zegoela. 

Beste batek esan zion ez zuela bueltatu nahi, unibertsitatera igotzeak nagia ematen ziola, jaietarako ere ez zuela gogorik. Lasaitasunaz disfrutatzen ikasi zuela.

Norbaitek esan zion ez zuela bueltatu nahi, egoerak ulertarazi ziola zer zen nahi zuena, zeinen inportantea zen ahaztuta zuen hura, gauza garrantzitsuak zeintzuk diren.

Denek izan zuten pentsatzeko aukera eta denbora; batek, beste batek eta norbaitek. Ez ordea beste batzuek.

Gabon zaharreko promesak egin zizkieten haien buruei: kirol gehiago egingo dut, ez dut baietz esango beti, bai, eta hari esango diot ez dakit zer, eta besteari beste hainbeste, eta gaur bai, gaur gauzak argi eta garbi esango ditut. Egoerak argi utzi du eredu hau ez dela jasangarria, bestelakoa izango da etorkizuna, solidarioagoa akaso. Ni behintzat ez naiz bueltatuko. 

Bien bitartean, errepideetan gero eta auto gehiago dago eta dendetako ilarak luzeak dira, kalean badabil jendea. Gaur hau egin daiteke, bihar beste zerbait... 

Baina ez! Bat, beste bat eta norbait ez ditu inertziak eramango, haiek bat-bi-hiru-karabilbonban, izoztuta geratuko dira, geldi, norbaitek esango duen arte: BESOA MUGITU DU, BESOA MUGITU DU!

Agian norbait helduko da zenbatzen duenarengana, ukituko du horma, eta txo-txo-txo-txorizo! Denok korrika, ea nork lortzen duen ihes egitea. Ihes, posible bada behintzat, harrapatzen ez bagaituzte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa