Athletic

Jekyll doktorea edo Hyde jauna

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2014ko abe. 10a, 11:15
Argazkia: www.athletic-club.net

Athleticek Txapeldunen Ligako azken partidua jokatuko du BATEren aurka gaueko 20:45etan San Mamesen.

Txapeldunen Ligako azkenengo partidua izango da, eta ez dakigu zuri-gorriek zein aurpegi erakutsiko duten gaurkoan. Izan ere, Europako lehiaketan aurkeztutako hamaikakoak eta jokoa benetan bitxiak izan dira. Horrez gain, Athleticek partidu onak eta txarrak nahastu ditu jokatutako norgehiagoketan, batzutan Jekyll doktorea, eta besteetan Hyde jauna azalduz.

Gaurkoan lehoien aurpegi onena espero da, izan ere, gaur galduz gero, Europatik at geratuko lirateke. Europa Leaguean jarraitzeko txartela egongo da jokoan San Mamesen. Valverderen mutilek ez galtzearekin nahiko dute helburu hori eskuratzeko, Bielorrusiako taldea, berriz, irabaztera behartuta dago aurrera jarraitzeko. Hala ere, irabaztea beharrezkoa da hurrengo zozketan arerio hobea edukitzeko. Txapeldunen Ligako hirugarrenetariko lauk zerrendaburu izango dira Europa Leagueko final hamaseiretan, eta horretarako garaipena eta bi gol eskuratu behar ditu Athleticek.

Valverdek beraien helburua hori dela argitu zuen prentsa aretoan. Horrez gain, jokalarien egoerari buruz hitz egin zuen. Aduriz da gehien kezkatzen duen jokalaria. Min hartuta jarraitzen du, eta berarekin kontu handiz ibili behar da, deialdian sartu da baina harmailan gera daiteke. Beñat eta Etxeitak ezin izango dute gaurkoan jokatu, eta Guillermo, Balenziaga eta Unai Lopez gaztea deialdian berriro sartu dira.

Beste alde batetik, BATE Borisov daukan guztiarekin etorriko da San Mamesera. Bielorrusian denboraldiko partidurik txarrena egin zuten zuri-gorriek, eta han ateratako emaitza errepikatu nahi dute Yermakovichen mutilek. Horretarako joko bera egingo dutela adierazi zuen entrenatzaileak, atzean gogor mantendu, joko zuzena eta bigarren jokaldiekin mina sortzea. BATE lehiaketan gol gehien jaso dituen taldea da. Hala ere, Athleticen aurrelarien punteria ezak, taktika defentsibo horrekin, gol gutxiko partidua eragin dezake.

Zaleentzako arrisku handiko partidua izendatu dute, baina ez dira atzerritar asko espero. Hori bai, giro galanta egongo da, bai zelaian, bai Pozasen eta aldameneko kaleetan. Txapeldunen Ligako azken partiduaz gozatu nahi dute bilbotarrek, eta garaipen batekin txapelketa agurtu. Hori lortzeko Ernesto Valverde entrenatzaileak honako jokalariak deitu ditu: Iraizoz, Aurtenetxe, Laporte, Erik Moran, San Jose, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, Mikel Rico, Muniain, Aduriz, Viguera, Guillermo, Balenziaga eta Unai Lopez.