Athletic

Malaga - Athletic, lehenengo txanda

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2015ko urt. 21a, 16:12
Argazkia: www.athletic-club.net

Athleticek Kopako final-laurdenetako joaneko partida Malagaren aurka jokatuko du La Rosaleda futbol zelaian gaueko 22:00etan.

Hiru partida jarraian jokatuko dituzte zuri-gorriak Malagaren kontra. Gaurkoa kanpoan jokatuko duten partida bakarra izango da, beste biak, igandean eta eguenean, San Mamesen izango dira. Denboraldi kaskarra egiten ari dira Valverderen mutilak, hala eta guztiz ere, Kopan eta Europan aurrera jarraitzen dute, bizi-bizirik, eta beste finalaurreko batean sartzeak dakarren grinak taldearen jarrera guztiz alda dezake.

Halakoa da futbola, xelebrea benetan, egun batetik bestera guztia alda daitekeen kirola da. Caparrosek Lezaman argi utzi zuen behin, bost minututan emagaldua izatetik moja izatera heldu zitezkeela. Eta, noski, kontrakoa ere gerta daiteke. Beraz, gaur dena beltz ikusten dugun arren, Malagaren aurkako hiru partida hauetan taldeak bere norabidearen zentzua guztiz alda dezake. Asko egongo da jokoan, eta itzuliko partida San Mamesen izanda, gutxienez La Rosaledatik bizirik irtetea lortu behar dute.

Malagak, Xekearen laguntzarik gabe, talde benetan gogorra eraikitzea lortu du Javi Graciaren lanari esker. Harrobiko jokalariek bizkortasuna eman diote taldeari Juanmi eta Samu eredu, Camacho eta Amrabaten kalitatea berebizikoa da, eta hainbat talde atzean dituzte datorren urterako fitxatzeko gogotsu. Kameni atezainak azkenean Espanyolen erakutsitako maila berreskuratu du. Horrez gain, Segio Sanchez eta Weligton gogortasunez aritzen dira defentsa lanetan. Talde apala da, bai, baina gogo eta jarrera paregabearekin.

Athletici, aurten, halako arerioak menperatzea izugarri kostatu zaio. Mugikortasun askoko jokalariak dituzte, leku batetik bestera uneoro mugitzen ari direnak. Baina Ligako lehen partida gogoratu behar dute, eta bertan egindako akatsak zuzendu. Iraizozi lapurtutako gola ez da berriz itzuliko, baina bigarren zatian erakutsitako jarrera da berreskuratu behar dutena.

Kopan, behintzat, Gorkak ezin izango du golaren jokaldia errepikatu. Kopako atezaina Iago izango da berriz ere. Dirudienez, Balenziagak hasierako hamaikakoan jarraituko du, Aurtenetxe etxean gelditu delako. Berarekin bat Sola, Guillermo eta Toquero egongo dira. Hauek dira Txingurrik eraman dituen jokalariak: Iraizoz, Laporte, Erik Moran, San Jose, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerin, Susaeta, Iraola, X.Etxeita, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Aketxe, Balenziaga, Unai Lopez eta Williams.