Kontzertu korala Atxuriko Enkarnazioan

Erabiltzailearen aurpegia Garaizarko Matsorriak 2016ko urr. 5a, 10:05

Datorren larunbatean, urriak 8, 20:15ean, kontzertu korala eskainiko dute Atxuriko Enkarnazio elizan, Lizarrako Ereintza Abesbatzak eta Begoñako Garaizarko Matsorriak taldeak.

Txikiteroen festaren erdian ospatuko den kontzertu hau, urrian eta azaroan Bilbao Historikok bultzatutako ziklo koral baten lehena da. Guztira zazpi kontzertu eta hamabi talde arituko dira Enkarnazio eliza eta Atxuri auzoa eraikitzeko obrak hasi zirenetik 500 urte bete direla ospatzeko.

Lizarrako Ereintza Abesbatza 1987. urtean sortu zen, Lizarra Ikastolako ikasleen hainbat gurasoren ekimenez eta Josetxo Arbeloaren zuzendaritzapean. Aurreneko urteetan, batez ere euskal folkloreko abestiak jorratu zituen Ereintza abesbatzak, eta, pixkanaka, beste era bateko musikak eta kantuak bildu zituen errepertoriora. Hala, gaur egun, musika sakroa zein profanoa uztartzen ditu errepertorio horrek. 2009ko ekainaz geroztik Ramon Ayerra Gonzalezek zuzentzen du.

Garaizarko Matsorriak, 30 urte betetzear dago. 1987ko martxoaren 26an Begoñako Errepublika zaharreko Garaizar auzoan sortu zen, Jose Luis Etxebarria Txelu-ren eskutik eta bere zuzendaritzapean. Errepertorio zabala dute: euskal fokloretik aukeratutako kantak, 'bilbainadak', musika erlijiosoa eta nazioartetik jasotako abestiak. Miren Zubieta Egia da zuzendaria.

Talde biek euskal eta nazioarteko folkloretik jasotako hainbat kantu abestuko dituzte eta 500. urteurrena ospatzeko, hamaseigarren mendeko hainbat kanta.

Zuen gustukoa izango delakoan, gonbidatuta zaudete emanaldi honetara.