Ilusioa eta aldarrikapena

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko abe. 26a, 11:46
Argazkia: Ane Urkiri

Mutilak ez ezik, emakumeak ere ofizialtasunaren bidearen partaide izango dira. Euskaldunek eta kataluniarrek indarrak neurtuko dituzte larunbatean (abenduak 27) 18:30ean Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian.

Partida historikoa, erakargarria eta aldarrikapenerako zita paregabea. Bien arteko lehendabiziko lehia. Pasa den maiatzean Euskal Selekzioa Garmendipen berragertu zen EIREren aurkako lagunartekoan, garaipen ederra eskuratuz (2-0). 2008tik 2014ko maiatzaren 10a bitartean emakumeen selekzioa “desagertuta” egon zen –Euskal Herria Kirolak 2010 ekainaren 23an antolatutako neurketa salbuetsiz-.

Bestalde, denbora gehiago igaro du ezkutaturik larunbatean euskaldunen arerio izango denak. Orain dela hamasei urte jokatu zuen azkenekoz Kataluniak. Autonomia Erkidegoen lehen taldea eta 25 urte azpiko selekzioak kendu zirenetik, hain zuzen ere. Kataluniako Federakuntzak, mutilen lagunartekoa dela eta, aukera bikaina ikusi du emakumeen selekzioa berriro zelaietara itzultzeko. Urte asko pasa dira, baina Natalia Arroyo eta Lluis Cortesen gidaritzapean egongo den taldeak lehiatzeko gaitasuna daukala –edo izango duela- ezin dugu ukatu. Gehienbat deialdia osatzen duten jokalariak ikusirik.

Euskaldunak ere ez dira atzean geratzen kalitate kontuetan. Horixe bera eta gehiagotan batu izanak abantaila eman diezaiokeela uste du Vicky Losada erdilariak, Kataluniako Futbol Federakuntzari adierazi zionez.

Jose Alvarez eta Sergio Rivera dira Euskal Selekzioaren hautatzaileak eta, EIREren aurkako neurketaren antzera, blokea Athletic eta Realeko jokalariek osatzen dute. Hala ere, bost aldaketa egin dituzte deialdi hartatik. Jone Guarrotxena, Marta Unzue, Ainhoa Vicente, Ainhoa Alvarez eta Leire Bañosen aurreneko esperientzia izango da Euskal Selekzioaren lehen taldearekin. Horietatik hiruk (Ainhoa Vicente, Ainhoa Alvarez eta Leire Baños) azken orduan jasandako hutsuneak beteko dituzte; Aintzane Encinas, Vanesa Gimbert eta Joana Flavianok ezin baitute larunbatean Lasesarreko berdegunean egon, arrazoi ezberdinak tarteko. 

Kataluniako selekzioa, talde moduan, ezezaguna zaigu. Esan bezala, duela hamabost urte baino gehiago jokatu zuten azken aldiz. Jokalariak, ordea, ondo baino hobeto ezagutzen ditugu, guztiak Lehen Mailan jokatzen baitute. Selekzioaren blokea Bartzelona eta Valentziako jokalariek osatuko dute; hau da, estatuko ekiporik onena bata, eta bestea, goranzko abiada hartu duena. Hauekin batera Levante, Atletico Madril, Espanyol eta Sant Gabrieleko jokalariak hautatu dituzte Natalia Arroyo eta Lluis Cortes entrenatzaileek. Horietariko asko Espainiar selekzioarekin aritu izan dira, beraz agerian dago hauen maila ona.

Lasesarreko berdegunean hori islatu dadin, kataluniarrak asteazkenean elkartu ziren Sant Cugat del Vallèsen lan-saio bat burutzeko, Bilbora bidaiatu baino lehenago aurreneko kontaktua eduki zezaten. Bihar (abenduak 27) helduko dira Bizkaiko hiriburura. Bertan kontzentratuko da Euskal Selekzioa ere eta Lezaman entrenatzeko aukera izango du gaur eta bihar goizean.

Erakargarritasun mailaren gorenean kokatzen da larunbateko neurketa. Bi ordu lehenago areto futbolean emango da bi selekzioen artekoa Santurtzin; eta hurrengo egunean, jakina denez, San Mamesen aurrez aurre izango dira gizonezkoen taldeak. Asteburu historikoa, beraz. Baina Lasesarrekoak ofizialtasunaz gain, berdintasunaren aldarrikapena ere izango du. Bide horretan emakumeen garrantzia ezinbestekoa baita. Interes hori, joan zen maiatzean piztu zitzaion Euskal Futbol Federakuntzari, Garmendipen euskaldunak eta irlandarrak nor baino nor izatean. Neurketa horrek, jada erakargarritasun puntua zeukan. Bada, zer esanik ez, abenduaren 27ko arerioa Katalunia bada. Biek ala biek erronka bera, ofizialtasunarekin amestuz. Hori dela eta, lehia ofizialaren kutsua izango du. Maila handiko taldeak zelairatuko dira, euren lehiatzeko gaitasuna erakustea helburu, garaipenaren bila. Nahiz eta badakigun porrotak ez dion inori ilusioa zapuztuko. Aldarrikapena eta festa uztartuko dira. Eta osagai horiek izango dira asteburu honetan funtsezko piezak.

Partidu zirraragarri hau ikusteko sarrerak 5€ren truke eskuratu daitezke Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Futbol Federakuntzetan; eta baita Lasesarre futbol zelaiko txarteldegian (abenduaren 27an 16:30etatik partida hasi bitartean) eta 0. atean (abenduaren 26an 18:30etatik 20:00etara eta abenduaren 27an 11:00etatik 13:00etara). Barakaldora hurbildu ezin direnek ETB1en edo Kataluniako Esport3 katean emango du neurketa zuzenean eta Bilboko Areatzan egongo den Fan Zonera joaten direnek pantaila handian ikusteko aukera izango dute.

Euskal Selekzioaren deialdia: Cristina Cornejo (Real Sociedad), Ane Bergara (Real Sociedad), Sandra Ramajo (Real Sociedad), Leire Baños (Real Sociedad), Ainhoa Vicente (Real Sociedad), Maria Diaz Cirauqui (Real Sociedad), Irene Paredes (Athletic), Iraia Iturregi (Athletic), Arrate Orueta (Athletic), Maite Lizaso(Athletic), Eli Ibarra (Athletic), Nekane Diez (Athletic), Yulema Corres (Athletic), Erika Vazquez (Athletic), Ainhoa Alvarez (Athletic B),  Jone Guarrotxena (Abanto), Naiara Beristain (Valentzia), Marta Unzue (Bartzelona).

Kataluniaren deialdia: Laura Rafols (Bartzelona), Marta Torrejon (Bartzelona), Vicky Losada (Bartzelona), Alexia Putellas (Bartzelona), Marta Corredera (Bartzelona), Mariajo Pons (Valentzia), Leila Ouahabi (Valentzia), Paula Nicart (Valentzia), Carol Ferez (Valentzia), Maria Estella (Espanyol), Nuria Mendoza (Espanyol), Andrea Pereira (Espanyol), Cristina Becerra (Sant Gabriel), Carla Gomez (Sant Gabriel), Paola Soldevila (Sant Gabriel), Laura Gutierrez (Levante), Olga Garcia (Levante), Debora Garcia (Atletico Madril).