uriola.eus

Alderantzizko inauteriak

Inauterien historian egundo horrelako inauteririk!

Aurtengoak izango dira inauterien historian inauteririk aldrebesenak. Hasteko eta bat, ziur, konturatu ere ez zaretela egin inauterika heldu direla eta horrek bere horretan badu nahikoa meritu. Hala ere, konturatu ala ez konturatu, datorren asteazkena errauts eguna eta horretara heldu arte falta zaigun guztia mozorro garaia da.

Eta hori da bigarren kontu alderantzizkoa. Inauterien historian inoiz ez dute inauteri batzuek horrelako atxikimendurik izan. Noiz ikusi da biztanleriaren % 90etik gora inauteri garaian maskara jantzita? Ba hala gabiltza aurten. Ezin esan darabilzkigun maskarak oso koloretsuak ezta originalak direnik, baina tira. Agian inauterien historiako inauteririk motel edo txepelenak izango dira hauek.

Honekin lotuta ere, bada beste kontu bat. Euskal Herrian inauterietan, normalean (ez dakit inauterien historian euskaldunok nola jokatu dugun), jantzi egiten gara. Aurpegia bistan eraman ohi dugu. Agian, makillaje apur bat jartzen dugu han edo hemen. Aurten, ordea, kaleko jantzita gabiltza eta mozorroa aurpegi inguruan baino ez dugu janzten. Nik nahiago nuen aurreko ohitura; maite dut mozorroa osatzea: etxeko armairuetan jantziak bilatu, oihalak josi, auzoko dendetan erositako goma eva itsatsi...

Amaitzeko, gauzarik aldrebesena. Ez naiz ausartuko esaten inauterien historian hau konturik aldrebesena denik, baina esan dezaket nik bizi izan ditudan inauterien artean lehen aldiz ikusten dudala fenomeno hau. Konturatuko zineten gure bizitzetan lehenengoz helduak gabiltzala maskara jantzita umeak inolako mozorrorik gabe dabiltzan bitartean. Alde batera utziko ditut interpretazio metaforikoak, inauterien historian inauteriak gauza arin eta alaietan pentsatzeko izan baitira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa