.eus domeinuak erregistratzeko aukera zabaldu da

Erabiltzailearen aurpegia Bilbo Hiria Irratia 2014ko ira. 17a, 09:00

Atzo arratsaldean aktibatu zen .eus domeinuak eskatzeko abiarazte-aldia, domeinuak eskuratzeko lehentasunezko fasea. Kafe Antzokian egindako prentsaurrekoan abiarazte-aldiaren inguruko xehetasunak eman zituen Josu Waliño, puntuEUSen zuzendariak. Aurretik Waliñorelin solasteko aukera izan genuen, fase hau eta, orohar, .eus domeinuen sareratze prozesua nola garatzen ari den kontatzeko.

Ekitaldian domeinu-izen eskariak egingo dituzten izaera, jatorri eta neurri ezberdinetako elkarte, erakunde eta enpresetako ordezkariak izan ziren: Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorea, Itxaso Compañon, Arabar Errrioxako Compañon Arrieta upategiko arduraduna, Ustaritzeko Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuaren izenenean, Aines Dufau. Bera - Bera kirol elkartea ordezkatzera Matxalen Ziarsolo taldeko kapitaina eta Jose Antonio Gartzia, Zumaiako merkataritza indarberritzeko plataformaren lehendakaria. Bakoitzak azaldu zuen zergatik den beraientzat garrantzitsua euren webgunea .eus domeinupean izatea.

Waliñok azaldu zuenez, fase hau, batez ere, elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu izenei bideratua dago, domeinu-izenak eskatzeko eta babesteko balioko du. Fase honetan, domeinu-izenak dagokienei ematea bermatu nahi da; eta ICANNekin hitzartutako irizpideak oinarritzat hartuta, babes lan bat egingo da horretarako, benetan hori ziurtatzeko.

Abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko da. Eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Hortik aurrera fase irekia edo Erregistro Orokorra zabalduko da.

Erregistratzeko prozedura
Edonork eska dezake .eus domeinu-izen bat, .com edo .org bezala. Izan partikularra edo erakunde/enpresa/elkartea, izan hemengoa edo hangoa. .eus domeinu-izen bat eskuratzeko ez da eskatzailea nor den begiratuko, webgunea baizik.

Fundazioaren bideo honetan azaltzen denez, domeinua eskatzeko pausuak hiru dira: www.domeinuak.eus webgunean sartu eta domeinua eskuragarri dagoen begiratu. Eskuragarri badago, agertuko den erregistradore zerrendatik bat aukeratu; eta, haren webgunean, erosketa prozesua gauzatu. Erregistradore bakoitzak ezartzen du bere .eus domeinu-izenen azken prezioa, eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera. Hau da, erregistradore ezberdinek prezio ezberdinean eskain dezakete. Prezioak beste zerbitzu batzuk ere barnebil ditzake (.eus posta elektronikoa, DNSen kudeaketa, web espazioa, laguntza eta abar). Edozein kasutan, .eus domeinuen azken prezioa erregistradoreek finkatzen dute.

Guztion domeinua
Urte amaiera bitartean domeinu-izenen eskaria handia izatea espero da eta 2.000 domeinu aktibatzea aurreikusten da. Josu Waliñok domeinuaren erabilgarritasuna azpimarratu
du, “lortu behar dugu euskal gizarteak .eus bere domeinutzat hartzea. Ez hartzea, soilik, euskararen inguruko domeinu baten gisara: euskal jendarte gizartearen domeinu izan behar du, euskal kulturarena, eta gure etxe azpian dagoen ile apaindegikoak duen webgunearena… Hori lortu behar dugu: .eus zabaltzea euskal komunitate osora”.

 

[2014/09/16] Josu Waliño, PuntuEus: "Euskal Herri osora hedatzea da gure erronka"