"Txo, Mikmak txikia" azaroaren 30ean BECen

Erabiltzailearen aurpegia Bilbo Hiria Irratia 2014ko aza. 20a, 18:35

Gaur aurkeztu dute azaroaren 30ean BEC-en Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eskainiko duten ikuskizuna. Datorren Ibilaldiaren inguruko kultura egitarauari loturik eta Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriaren laguntzarekin, Ipar Amerikako Mikmak indigenen inguruko abentura batekin izango ditugu.

Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriaren zuzendari Jon Maiak aurkezpenean azaldu duenez, ikuskizun berrian protagonista den Txo Mikmak txikiaren istorioa azaltzeko. Maiak zerikusi handia du istorioarekin, izan ere, berak bultzatu du Ipar Amerikako indigenekiko harremanen berreskuratzea eta duela hilabete bueltatu da handik, Mikmak tribuko jefearekin egon ostean. Ternuan ibilitako San Juan baleontziaren erreplika egiten ari dira Albaolan, eta duela urte batzuk Maiak berak kontatu zizkigun aintzinako euskaldunen ibilerak "Apaizac obeto" liburuan.

BECen ikusiko dugun abenturan Txo Mikmak txikia Euskal Herrira etorriko da, ea behinola bere lurretan ibili ziren euskaldun baleazale haien ondorengoak oraindik bizirik ote diren. Itsasoan plastikozko kontinente bat badela ikasiko du eta Plastiker maltzurraren kontra borrokatu beharko du.

Auzotarrak koordinakundearen kolaborazioa izan dute pailazoek BECeko ekitaldiaren antolaketan eta sarrerak salgai daude dagoeneko Interneten, Ibilaldiaren antolakuntzaren parte diren hurrengo ikastoletan; Abusu (Bilbo), Urretxindorra ( Bilbo), Bihotz Gaztea ( Santurtzi), Itxaropena ( Trapaga), Eguzkibegi ( Galdakao), Betiko ( Leioa) eta Zubi Zaharra ( Balmaseda). Eskuragarri daude ere www.kutxabank.es helbidean.

"Txo, Mikmak txikia" izeneko diskoa aurkezteko ere baliatu dute gaurko agerraldia. Disko luzea da, izan ere, 19 kantu eta tartekatutako bete horrenbeste ipuintxo entzun daitezke Katxiporretak argitaratutako CDan. Ikuskizunerako soinu-banda osatzen ehun lagun inguruk hartu dute parte, Xabier Zabalak egindako musikaren gainean. Besteak beste Manu Chao, Kirmen Uribe, Uxue Alberdi, Niko Etxart, Eñaut Elorrieta, Alaia Martin, Amets Arzalluz eta beste askoren ekarpena jaso du diskoak.