Bilboko Abandoko erakunde historikoetara azken bisita gidatuak irailean izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko abu. 21a, 10:26

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuen ekimena jarri eban martxan joan dan maiatzean.

Ekimen hori, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da, eta aurtengo edizinoan, Abandoko eleizate izandakoan dagozan hiru erakunde historikotan oinarritu da.

Maiatzean eta bagilean Miserikordiaren Erret Etxe Santua eta Vista Alegreko zezen plazea zabaldu baziran be, irailaren 2tik aurrera, nahi dabenek Bilboko Ospitale Zibil Santuaren, gaur egun Osakidetzaren barruan dagoan Basurtuko Unibersidade Ospitalea danaren instalazinoak bisitetako aukerea izango dabe. Oraingo honetan, antzeko ezaugarriak eta arkitekturearen eta historiaren ikuspegietatik daben balioa eta gizarte zerbitzura begira izan eben jatorriko hiru eraikin aukeratu dira, izan be, garai haretan Junta de Caridad izenekoak XIX. mendearen amaieran sortu zituan, egoera txarrenean egozan personei, gaixoei eta etxerik bako umeei laguntzinoa emoteko.

Basurtuko Unibersidade Ospitalea, lehen Bilboko Ospitale Zibil Santua izandakoa, modernotasunaren ikonoa izan zan bere garaian. Izan be, osasungarritasun erispideetan oinarrituz eregi eben, pabilioietan banatuta, horreetako bakotxean gaixoak espezialidadeen arabera banatzeko.

Ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dauen bisitan, partaideek multzo arkitektoniko berezi horren nondik norakoak ezagutzeko, eta eraikuntzearen kostua pagau eben familia ongileetara hurreratzeko aukerea izango dabe, baita proiektuaren beste bultzatzaile batzuek izan eben garrantziaz jaubetzeko be, Gregorio de la Revilla, Areilza doktorea edo Enrique Epalza arkitektoa, danak be uriaren historiako pertsonaia azpimarragarriak.

Ehunka zuhaitz espezie dituan lorategiaren arkitektura eta estetika berezia ikusi aurretik, bisitariek ospitalearen zenbait bitxikeria ezagutu ahal izango ditue, dokumentuak garraiatzeko sistema pneumatikoa edo lur azpitik pabilioi guztiak komuniketan dituen tunelak, besteak beste.

Ohikoa danez, bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, irailaren 2tik aurrera martitzenetan eta eguaztenetan 17:00etan eta 18:45ean; eguenetan eta barikuetan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan, eta zapatuetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren irailaren 7ra arte (alkartzeko lekua, Montevideo Etorbidea, 18. Sarrera Nagusia). Barikuetan bisitak euskeraz izango dira, lehenengo txandea taldeentzat eta bigarrena norbanakoentzat. Talde bakotxak, gehienez be, 30 lagun izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da erreserbea egitea 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakira deituz (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara), astelehenetik aurrera.

Bilbao Izan programea orain zortzi urte sortu zan, Bilboko biztanleei eta interesa daben guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen garatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak. Dana dala, geroago, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz.