Naroa Gaintzak 22M² bakarkako proiektu barria aurkeztu dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2014ko aza. 12a, 15:00

Mezu enkriptau ugari ei daukaz HogeitaBiMetroKoadro taldearen Karratura (Elkar) lehenengo lanak, misterioz beteta dago diskoa, Naroa Gaintza kantariaren esanetan. David Nanclares gitarristea eta produktorea izan dau lagun bere bakarkako lehenengo behar honetan. Abenduaren 8an, Durangoko Azokako Ahotsenea gunean aurkeztuko dabe zuzenean, 19:00etan. 


Musikea, kanten berbak, diskoaren azala eta diseinua, dan-dana alkar lotuta dago 22M²-ren Karratura diskoan. Holan azaldu dau Naroa Gaintzak aurkezpen-prentsaurrekoan. Taldearen izena bera be nahiko bitxia da. 22M² etxe baten azalerea da, eta etxe horretan hasi zan dana. Eta hortik 1.700 metrora-edo dago diskoaren azalean agiri dan Euskal Errotak eraikina, Deustuko Erriberan. Eraikin hori be oso garrantzitsua da niretzat, azaldu dau abeslari bilbotarrak.

Orain hiru bat urte hasi zan egitasmo barria preparetan, Amaiur taldeko beste kide batzuekaz batera. Baina, proiektuak ez eban hartu nahi bestekoa abiadurarik, eta bertan behera geratu zan. Harik eta Gaintzak eta Nanclaresek topo egin eben arte. Sokalagun oso ona izan da -nabarmendu dau kantariak- eta azkenengo urtean bion artean egin dogu diskoa

Karratura Gaintzaren diskoa da, Nanclares eretxiz, biok jardun arren, bere-berea da. Kantariak bere burua ezagutzeko behar eban tresnea izan dala uste dau, bere burua aurkezteko modua izan da. Baju eta gitarren ardurea hartu dau Nanclaresek, eta berak egin ditu bere moldaketak eta produkzino lanak. Bion artean beste hizkuntza bat topau behar izan dogu, Naroa beste musika mueta batetik etorren eta, Amaiurretik, eta 22M² beste gauza bat da, ganeratu dau.

Barru-barrutik sortutako diskoa, maitasuna agiri da kanta askotan, baina bestelako gaiak be bai, gizarte gaiak batez be. Espazio larregi beteten eutson maitasun istorio baten nondik norakoak kontetan ditu, esaterako. Amaiur taldearen sasoia amaitzeko asmoz, 2006an Ikasle Abertzaleakentzako idatzitako abestia sartu dau lan barrian, Urtez urte, tantaz tanta.

Makina bat lagunek hartu dabe parte proiektuan, taula ganean ezagututakoak danak, bestea beste: Imanol Ubeda (Bide ertzean), Elliot Murphy, Eunate Vilches, Goizalde Landabaso, Igon Olaguenaga (Mandoilek), Olivier Durand eta Zuriñe Hidalgo. 

Beste kide bi ditu 22M² taldeak, Nanclares eta Gaintzaz aparte, David Gorospe bateria-jotzailea eta Asier Ercilla tekladu-jotzailea eta teknikaria. Balea estudioan grabau zituen hamar kantak, neguan.