Itsasora begiratuko dau 2018ko Ibilaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko mai. 17a, 11:02

Maiatzeko azenengo domekan euskaltzaleek beteko ditue Santurtziko kaleak, 2018ko Ibilaldia egingo dabe eta, hango Bihotz Gaztea ikastoleak antolatuta eta Taup! lelopean. Lau gune izango ditu ibilbideak eta kresal usaina izango da nagusi. Izan be, herriko kale eta auzoetatik atondu dabe ibilbide osoa, beti itsasotik hur.

1995ean, Santurtzin lehenengoz Ibilaldia antolatu ebenean, mendira begira jarri ziran, Serantes inguruko ibilbideari esker. Horregaitik nabarmendu dabe orain itsasora eta herrigunera bueltau dirala. Maiatzaren 27ko egitaraua aurkeztu dabe, Bilbon egindako agerraldian; hor izan dira Andone Ruiz Uranga Bihotz Gaztea ikastolako zuzendaria, Andone Fontan egitarauaren koordinatzailea eta Josune Bañales Ibilaldia Alkarteko lehendakaria.

Asier Fontanek azaldu dauenez, lau gune izango ditu ibilbideak. Lehenengoa, Taup gunea izenekoa, familientzako eta umeentzako aproposena izango da. Han izango dira pailazoak, jolasak eta giro lasaia. Beste hiru guneak, Busti, Gozatu eta Sortu, edade guztietako bisitarientzako ekintzaz beteta egongo dira egun osoan.

Kontzertu nagusien artean, Governors aitatu behar da, Busti gunean. Xabi Aburruzagak be joko dau han. Gozatu gunean, portutik hur, Skakeitan eta Ze Esatek! izango dira ezagunenak. Sortu gunean, bestetik, Itziarren Semeak da nabarmentzekoa. Horrezaz gan, ibilbide guztian topau ahal izango dira erromeriak, puzgarriak eta bestelakoak. Herriko alkarteakaz egindako alkarlana be azpimarratu dau Fontanek, izan be, horri esker, Santurtziko hainbat taldek jantzak eskainiko ditue.

2018ko Ibilaldiak hiru helburu nagusi izango dituala azaldu dau Andone Ruiz Urangak: Euskerea bultzatzea, alkarlanari ekitea eta diru-sarrerak eskuratzea. Bihotz Gaztea ikastolan gero eta neska-mutil gehiago dagoz eta eraikina txiki geratu jake. Hortaz, finantziazinoa behar dabe erronka horri

Ruiz Urangaren arabera, arkitektuagaz proiektua egin dabe, oraingo eraikina handitzeko eta instalazino barriak eregiteko. Baina karuegia danez, oraingoz utopia dala dino. Etapaka joango gara, badakigu nora heldu nahi dogun.

Maiatzaren 27an, etorkizunera ez eze, denporan atzera be begiratuko dabe: goizeko 11:30ean, Santurtziko Torretxean, Bihotz Gaztea ikastolako lehenengo belaunaldiko gurasoei omenaldia egingo deutsie. Guraso hareek apustu handia egin eben, dino Ruiz Urangak.

Apustu hari esker, besteak beste, Santurtzin euskerea bizibarritzen hasi da. Azken datuen arabera, herritarren ia % 20k dakie euskeraz. Hiztun gehiago izatea estrategikoa da, aitatu dau Ruiz Urangak. Euskereak plazara urten behar dau, lan handia dogu aurretik.

Amaitzeko, maiatzaren 27an Santurtzira joateko deia eta, ahal dala, garraio publikoa erabilteko eskatu dabe antolatzaileek Santurtzin aparkaleku gitxi dagozalako. Asier Fontanek azaldu dauenez, metro, tren eta autobus zerbitzuak indartuko ditue. Ganera, ezinbestean autoan etorri behar dabenentzat, BECeko aparkalekuan erraztasunak emongo ditue, gero handik metroa hartzeko.

 

[2018-03-12] Ze Esatek! taldeak egin du Ibilaldiaren abestia