Auzoetako jaiek sortzen duten inpaktu ekonomiko eta sozialaren inguruko azterketa egitea eskatu du Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EHBildu Bilbo 2014ko eka. 5a, 10:17
EHBildu aste honetan jaiak ospatzen ari den Ibarrekolandara gerturatu da gaur goizean. Bertan, David Lopategi zinegotziak ekaineko udalbatzarrerako auzoetako jaien inguruan EHBilduk eramango duen mozioa aurkeztu du.

Koalizio soberanistak Udal Gobernuari eskatuko dio azterketa bat egin dezan auzoetako jaiek sortzen duten inpaktu ekonomiko eta sozialaz jabetzeko. EHBilduko zinegotziak deia luzatu du auzoetako jaiek duten balioa aintzat hartzeko eta horretarako diru-laguntza duinak eskatu ditu.

Lopategik azpimarratu du Bilboko 30 auzok baino gehiagok ospatzen dituztela jaiak, batez ere uda garaian. “Auzo gehienetan aipatutako jaiak dira urte osoan egiten den ekitaldirik nagusiena. Izan ere, jaiak auzokideen artean harremanak sendotzeko baliagarriak dira eta horretan gain,  hauspo ekonomiko eta sozial nabaria ematen diete auzoei”, adierazi du zinegotzi abertzaleak.

EHBilduko zinegotziak azpimarratu du jaiak direla auzoen ekonomien sustapenerako “elementu oso garrantzitsua”. “Ez dugu ahaztu behar, gainera, auzoetako jaiek lanpostu ugari sortzen dituztela, batez ere jaien garaian, esate baterako ostalaritzan eta elikagaietako dendetan estrak, banatzaileak, azpiegitura muntatzaileak, animazio eta musika taldeak, ferianteak eta abar”, gehitu du Lopategik.

Hau horrela ere, eta auzo askorentzat urteko ekitaldirik handiena bada ere, Lopategik Udal Gobernuaren babesa falta bota du. ”Auzoetako jaiak udalaren laguntzarik gabe ateratzen dira aurrera. 17.000 eurokoa da auzoko jai guztientzat udalak bideratzen duen kopurua, hau da,  750 euro jai batzordeko, eta kontutan edukita jaien aurrekontua gutxi gora behera 30.000 eurokoa dela, laguntza eskas honek agerian uzten du zein den udalaren lehentasuna auzoekiko eta auzo ekimenak zenbateraino babesteko prest dagoen”, azpimarratu du Lopategik.

“Honi gainera, BBKLive, NBA Games, MundoBasket, etab bezalako hiriaren erdigunean soilik burutzen diren ekimenak gehitu ezkero, agerian geratzen da erdigunea eta auzoen artean dagoen desoreka, bai programazioan eta baita aurrekontuan.”

Horregatik, EHBilduk auzoetako ekimen nagusienak diren auzoetako jaiak balorean jartzeko deialdia egin du, eta honekin batera, udaletik bideratzen diren diru laguntzak duintzea eskatzen dugu beste hiriburu batzuetarako egoerara hurbilduz.