Ikastetxeetatik kalera, gure hezkuntza eraikitzera!

Erabiltzailearen aurpegia Ikoitz Arrese 2015ko aza. 27a, 09:38

Biharko, azaroaren 28rako, deitu du Hezkuntza Plataformen Topaguneak mobilizazio egun nazionala. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleak Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko aldarrikapenez beteko dira eta inposizioen kontrako jarrera tinkoa erakutsiko da, berriz ere.

Hilabete hasieran HPTk publiko egin zuenetik gero eta gehiago dira egungo eredua gainditu eta bestelako hezkuntza  baten alde azaroaren 28ko mobilizazioekin bate egin dute herritar eta eragileak. Aurreko bi urteetan egin bezala, hezkuntza komunitatea eta baita herritarrak ere, kalera irtengo gara eta Euskal Herrian nahi dugun Hezkuntza Sistema Propioa aldarrikatuko dugu.

Larunbateko mobilizazio eguna, baina, kalejira batzuk baino askoz gehiago ere bada.

- HPT sare gisa sortu zenetik 3 urte pasatu dira, gutxi gora behera. 3 urte hauetan asko izan dira egiondako ekimenak eta, batez ere, ezberdinen artean sortutako elkarlan oparoa. Dozena erdi plataforma ziren behin Santurtzin batu eta HPT sortzea erabaki zutenak. Ordundik hona, 30 bat dira modu iraunkorrean HPT sarea osatzen dutenak. Apurka apurka Euskal Herri guztia buztiko duen hezkuntzako mugimendu lokal erraldoia saretzen jarraitzeko balioko du larunbateko deialdiak.

- HPTk egindako ibilbide labur honetan, argi gelditu da inposizioen kontra gaudela. Batzen gaituen oinarrietan zehazten den bezala, ez dugu LOMCE, ezta gaur arte LOMCE aplikatzea helburu duen Heziberririk nahi, ez eta PAI bezalako programak zeintzuk euskarari kalte zuzena egiten dioten edota poliziak gure ikastetxeetan hitzaldiak ematen egoterik ere. Iaz, maiatza eta ekainean argi erakutsi genuen: herritarron iniziatibaz, LOMCEri planto egin eta ez aplikatzea posiblea da. Egin genuen eta aurten ere horretara doa HPT. Larunbatekoak beraz, LOMCEren ez aplikazioan urrats sendoak emateko balioko du.

-Hezkuntza Sistema Propioa ez da egun batetik bestera oparituko diguten karameloa izango. Egunez egun hezkuntza proiektu ezberdinak garatuz lortzen joango garen zerbait baizik. Zentzu horretan, HPTn hezkuntza proiektuak ezagutarazi, saretu eta eraikitzen hasteko asmoa dago. Gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitze bidean urratsak emateko balioko du larunbateko egunak.

- Eta hezkuntza herritar guztion ardura dela ziur gaude asko. Baita HPT bera ere. Hezkuntza herri oso baten ardura da. Beraz, inportantea da egunerokoan murgilduta gaude ikastetxeetatik atera eta kaleak ere gure egitea. Inposizioak aplikatzen dizkiguten mandatariek hezkuntza ikastetxeetako lau hormetan geldi eta otzan nahi dute. Eta guk kontrakoa egin behar dugu, hezkuntza guztion eskubide eta erantzukizuna dela erakutsi behar dugu. Horretarako, ikastetxeetan aktibatu eta mobilizatzeaz gain, behar beharrezkoa da kalera irtetzea. Hezkuntza gai soziala da, nagusienetarikoa. Larunbateko deialdiak hezkuntza herri honetako politikaren erdigunean kokatzeko balioko du ere.

Hori guztirako, eta seguru nago askoz gehiagorako ere, balioko du larunbateko deialdiak. Nik argi daukat, Bilbora joango naiz, bai, HPTk deitutako hezkuntza kalejirara. Hezkuntza inportanteegia delako, bada garaia behar duen garrantzia eman diezaiogun eta Euskal Herria eraiki nahi badugu, hezkuntzatik indarrak jartzeko. Guk, orain, hemen, gure hezkuntza eraiki!