Bizkaiko bertsolariek josi dute finalerako zerrenda

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2014ko abe. 9a, 10:10

Estiballesek irabazi zuen Zornotzan, Ibarra eta Lekue bezala zuzenean sailkatzeko. Aurtengoan, lau neska eta beste hainbeste gizonezko Miribillako oholtzarako prest.

Oraindik txapelaren jabe den Arkaitz Estiballes izan zen hoberena, igande honetan Zornotzan jokatu zen ‘Josi’ aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurreko irabazlea eta, beraz, finalerako hirugarren sailkapen zuzena lortu zuena. Ia erabat lepo bete zen Zornotzako Zelaieta frontoian; Jone Uria izan zen bigarren sailkatua eta Oihana Bartra santutxuarra, hirugarrena. Bi hauek ere Miribillako oholtzan izango dira, abenduaren 20.ean, Onintza Enbeita, Fredi Paia eta Xabat Galletebaitiarekin zortzikotea osatuz.

Baletik gora eman ez zuen saioan, ia 500 puntu lortu zituen, Arratiara bizitzera joan berri den Galdakaoko txapeldunak, hasieratik bukaeraraino gutxi arriskatuz baina hutsik egin gabe bertso xorta osatuz. Hurrengo bi sailkatuak, Jone eta Oihanak, irabazleak baino distira gehiagoko ale batzuk kantatu zituzten arren, puntu gutxiago pilatu zuten. 

Gehienetan ohi den bezala, kartzelako lanean bota zituzten alerik mamitsuenak eta, dena aipatzearren, originaltasuna ere izan zuten bereko. “Terapiaren azken eguna duzu” eskatu zien hartan, pentsatzekoa zen denek minbizira edota joango zirela eta ez. Alkoholiko bi, drogazale bat edota aurreko finalean egon ezaren depresioa izan ziren, besteak beste, landu zituzten gaiak; Jone izan zen bi bertso horietan eta aurreko puntu bietan txalo zaparrada onenak jaso zituena. Izan ere, bortxatu izanaren ondorioak “El Padrino” filmaren doinuaz aireratu zituenean ikus entzulea erabat hunkiturik jarri zuen. Aurreko bi puntuei ere, getxotar gazte honek eman zion airerik politena.

Aipatzekoa, bestalde, Oihane Bartrak sailkapena jakin ondoren adierazi zuen poza, gero, agurrekoan, sailkatzea lortu ez duen Miren Amuritzari eskaini zion arren.

Oraingoan lortu da bada, parekotasuna finalerako zerrendan. Iratxe, Onintza, Jone eta Oihana alde batetik, Arkaitz, Etxahun, Fredi eta Xabat, bestetik. Nor baino nor, abenduaren 20.an 17.30etan, Miribillako Bilbao Arena saskibaloi kantxan.