Urrutikoetxea, txapelduna

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2015ko eka. 29a, 10:51
Argazkiak: Iker Elorriaga

Periko Solabarriaren omenaldira joateko autobusaren zain nengoela kirol ibilian zetozen gizonezko bik Bilboko finalera hain goizetik noan galdetu zidaten eta, ia bat batean, haietako batek galde/erantzun zidan “Olaizolak erraz eramango du txapela”.

Haren ibilkideak eta biok ia batera erantzun genion: “Irabazi behar badu irabaziko du, baina erraz. EZ. Gerra asko emango dio, ziur”. Finaleko partida ikusi duen edonork ez du zalantza izpirik izango erabat asmatu genuela Iñaki eta biok.

Beste zerbait ere izan genuen solasean, partida gogorra izango zela. Baina gogorra, gerra eta holako hitz latzen gainetik, final partida handi bat ikusi genuen Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearen arten. Kontu, ordena, hurrengo urtebete osoan Urrutikoetxea vs. Olaizola izanen delako. Zaratamoko 26 urteko kanpeoiak, txapela ez ezik, gerriko nahiz elastiko gorria eramango duelako kantxara ateratzen denean eta egitarau guztietan harena izango delako lehen izena, Irujo, Aimar bera, Xala, Ezkurdia, Berasaluze edo 21. mendeko aurrelari izar guztien aurretik, alegia.

Partida handia diogunean, atzokoak behar edo ohi dituen ezaugarri guztiak bete zituelako da. Borrokatua, 430 pilotakadatik gora eman zituztelako. Areago, 200dik gora airez, berdin dio boleaz, sotamanoz edo saihetsetik, ia erdi bana, eman zituztelako. Kalitatea, tanto eginak akatsez galduak baino askoz gehiago izan zirelako. Emozioa, hiru aldaratze ondoren, 10-19tik 19-19ra etorri zelako Goizuetako azeria, Bizkaia frontoiko harmailetan eta telebista –edo irrati- aurrean geunden milaka eta milaka ikus-entzuleen ileak kizkurturik. Zorioneko bezain zuhur eta irmo Mikel handia, historiako pilotaririk handienetariko bati agindua kendu (19-20) eta partida osoan sakez egindako bi tanto bakarrez garaipena bereganatu (19-22).

Lauzpabost urte dira, profesionaletan buruz buruko Urrutikoetxearen lehen partida telebistaz ikusi genuenean, ofizio honetan edo hurbil genbiltzanak, iritzi bateratua azaldu genuen. 19-2 edo 20-2 galtzen zegoela, aldartea mantendu eta etsi gabe ekin zion eta 17 edo 18-22ra iritsi ahal izateko. Buruz bururako balio bereziak dituela izan zen iritzi bateratu hori. Zinez, atzo erakutsi zuela tenple edo aldarte hori Zaratamokoak atzoko finalean, Bejondeizula!