X

Erabiltzailearen aurpegia
None

Ohartzerako, beranduegi da. Hamabi beharrean, kalkulu akats baten erruz, hazirik gabeko (irensterrazagoak, bere kexuetan) hamaika mahats ziren platerean zeuzkanak eta, azken kanpaikadan, noski, ez du ahoratzekorik eduki. Bai arraroa etxe hartako bakea: ez bibarik, ez topa hotsik; ez dirudi urte berria denik. Beraienean ez behintzat. Erantzulea deskubritu asmoz (familiako inor bere erruduntasuna aitortzekotan bazen), egongelarainoko bidea egin du; bera, gogora ez datorkion arrazoiren batengatik, sukaldean ari baitzen kanpaikadak ikusten. Harridura eragin dio panoramak: bertan ez dago inor; minutu eskas batzuk lehenago sofan lekua hartuta, iji-ajaka, zeudenen arrastorik ez, mahai gainean utzitako plater eta kopa hustuak salbu.

- Aizue! – egin die dei, korridorea alderik alde zeharkatuz – E!, non zaudete? E! Orain hasiko al zarete bromatan? Benetan?

- Hemen, zeure atzean – aita da, ama eta ahizpa ondoan dituelarik, aurpegiera goibeleko.

- Hau sustoa eman didazuena. Ez egin berriz horrelakorik, aditu? Kezkatzen hasia nintzen, joder. Uste izan dut, azken mahats ziztrina ez jateagatik, bada… aurreko urtean geratuko nintzela-edo. Bueno, egia esan, ondo pentsatuz gero… zeinen inozoa, e?, kar-kar.

- Zuretzat ez da urte berririk izango, pitxin. Ulertzen, ezta? Zera, etxekook bagenekien lana, familia, lagunak, aisialdia-eta uztartzeko arazoak zenituela, eta noiz edo noiz estres eta antsietate hitzak aipatu zenizkion zure ahizpari, e?, aitortu egin digu, bai; baina, badakizu, normaltzat jo genuen: gaztea, unibertsitate ikasketak bukatu berriak, lehendabiziko lan kontratua, bestelako ardurak… Burutik pasatu ere ez zitzaigun egin. Kanpaikadetarako mahatsak kotxean utzi dituzunaren aitzakian, afaltzen hasi baino lehen, etxetik irten zara, gogoratzen?, eta bueltatzen ez zinela ikusita, bada, bila joan da zure ahizpa. Garajeko habetik eskegita aurkitu zaitu, laztana.