uriola.eus

Protestak deitu dituzte Israelek Palestinaren aurka egindako erasoak gaitzesteko

Erabiltzailearen aurpegia   Jendartea

Euskal Herriko gizarte eragileek Gaza eta Palestinaren aurka Israelek egindako erasoak salatzeko, elkarretaratzea egingo dute 18:30ean, Premier dendaren aurrean, eta uztailaren 17an, manifestazioa abiatuko da 17:00etan Arriagatik.

Euskal Herriko gizarte eragilee ezberdinek berriz ere, elkartasuna helerazi nahi diogu Palestinako herriari, egun hauetan indar israeldar okupatzaileen zigor kolektiboaren menpean dagoelako. Era berean, nazioarteko komunitateari exijitu nahi diogu, Israelek Gazako herriari egindako beste eraso hau geldiaraztea, 98 palestinar hil eta 600 zaurituta suertatu eta gero. Beharrezako da, Israelek 2006tik Gazari inposatutako blokeoa deuseztatzeko presioa egitea, bertoko biztanleentzat guztiz beharrezkoak diren botiken, materialen eta elikagaien urritasun latza eragiten baitu.

Israelek Nazioarteko Zuzenbidea bete dezan eta entitate sionistak inposatutako Apartheid sistema salatzeko asmoz, Euskal Herriko hainbat erakunde, jendarte mugimendu, sindikatu eta partidu politiko Boikot, desinbertsio eta santzio kanpainak egituratzen ari gara, munduko herriak inplikatzen saiatzen den ekimen bat, geuk baitugu palestinarrei ukatzen dieten ahotsa.

BDS Kanpaina biolentziarik gabeko erresistentzia zibileko tresna dela azpimarratu nahi dugu, 2005eko uztailaren 9an hasia, 194 erakunde palestinar baino gehiagok abiatuta eta Hegoafrikak apartheid-i boikot nazioarteko kanpainan oinarrituta, ondorengo helburuekin: Palestinaren okupazioa bukatzea eta Harresia desegitea; errefuxiatu palestinarren itzultzeko eskubidea onartzea; eta Israelen bizi diren israeldar-palestinarrei eskubideen berdintasuna bermatzea. Ekimen honek gero eta babes gehiago dauka nazioarteko komunitatearen aldetik, baita Israeleko gizartearen eta komunitate judutarren pertsona esanguratsu batzuen partetik ere, Judutar Antisionisten Nazioarteko Sareak (IJAN) edo intelektualek edo artistek, haien artean Ilan Pappe, “Palestinako garbitze etnikoa” liburuaren egilea den historiagile israeldarra eta Naomi Klein, idazle eta kazetari kanadarra.

Israelen aurkako BDS kanpaina ez da kanpaina arrazista; kolonizazio, Apartheid eta garbiketa etnikoaren kontra zuzendutako kanpaina baino. Horregatik BDS kanpaina antisemitatzat jotzeak ez du zentzurik: propaganda sionista beti saiatu da antisemitismoa eta antisionismoa nahasten, kontzeptu biak guztiz aurkakoak izanik. Antisemitismoa arrazismo forma bat da eta jazarria eta zigortua izan behar da, baina antisionismoak estatu Israeldarraren definizio etniko-konfesionala zalantzan ipintzen du eta Israeleko hiritar arabiarrek pairatzen duten arrazako eta erlijioko irizpideetan oinarritutako bereizkeria instituzionala eta legalari aurre egiten dio.

Kanpaina horretan kokatzen da ekainaren 19an burututako ekimena, Bilboko Iparragirre kaleko 34. zenbakian dagoen Premier kosmetikoen dendaren aurkakoa. Izan ere, Premier kosmetikoak Itsaso Hilaren ertzean eraikitako Kalya Kibbutzean ekoizten dituzte, palestinarrei ebatsitako lurretan ezarritako kokaleku israeldar ilegalean. Zentzu berean, hilaren 16an Mendizorrotzan abestekoa den Noa israeldarraren kontrako boikota aldarrikatzen ari dira Gasteizen, neska honek Palestinako okupazio sionistaren aurrean eta Gazan armada israeldar okupatzailea egiten ari den sarraskiaren aurrean erakusten duen konplizitate eta anbiguetatea salatzeko.

Gure jendarteetan lobby sionista sustatzen duten hainbat entitate BDS kanpaina eta berau bultzatzen duten eragile eta pertsonak kriminalizatzen ari dira bai Israelen eta baita Europan ere. Adibide baterako, hortxe daukagu eratu berria den Havtajá Euskadi-Israel Kultur Elkartea, aurretik aipatu dugun Premier dendaren aurkako ekimenaren ostean bere facebook-ean ondokoa plazaratu zuena: “Nazi berriak Bilbon Israel boikotazeko” eta “(…) jakinarazten diegu berari eta bere kideei ondorio legalen aukera (…)” Halako jokabideak are garbiago uzten du Havtajá elkartearen izaera, hots, desinformazioaren bidez Palestinako okupazioa zilegitzat eta normaltzat jo dadin bilatzen duen estatu sionistaren tresna dela, Nazioarteko Zuzenbidearen aurka eginez, bestalde.

Horregatik guztiagatik, behean sinatzen dugun eragileok zera eskatzen diegu euskal jendarteari eta erakundeei: etzazue Palestinako okupazioa zilegi edo normaltzat jo; salatu itzazue BDS ekimen ez-biolentoaren adierazpen askatasunaren aurkako erasoak; bat egin ezazue Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpainarekin, Euskal Herrian ez dadin inolako adierazte sionistarik egon. Dei egiten dugu halaber Euskal Herrian Palestinari elkartasuna adierazteko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko. Bilbon manifestazioa egingo dugu hilaren 17an, ostegunarekin, arratseko zazpietan Arriagatik abiatuta; Gazaren kontrako beste eraso israeldar hau eta palestinarrek pairatzen duten zigor kolektiboa salatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa