Lan istripuak salatzeko manifestazioa deitu du gehiengo sindikalak gaurko

Erabiltzailearen aurpegia LAB Sindikatua 2016ko abe. 20a, 08:50

'Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!'. Horixe izango da, gaur, asteartea, Bilbon egingo den manifestazioaren leloa. Euskal gehiengo sindikalak deitutako protesta Plaza Zirkularretik abiatuko da, 11:30ean, eta Hego Euskal Herrian aurten hil diren 53 pertsonak ekarriko ditu gogora. 

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deitu dute gaurko, abenduaren 20ko manifestazioa. Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariek agerraldia egin zuten Bilbon, eta 2016. urteko lan istripuen txostena aurkeztu zuten. Hauek dira txostenaren datu esanguratsuenak: 

2016. urtea bukatzen ari den honetan, lan ezbeharren egoerak nabarmen egin duela txarrera salatu nahi zuten. Izan ere, iaz urte osoan 52 izan ziren guztira eta aurten, Hego Euskal Herrian, bederen, 53 langile hil dira jada lan istripu baten ondorioz. 

Araban 03

Bizkaian 29

Gipuzkoan 08

Nafarroan 13

Egoeraren larritasuna adierazteko, ondorengo datuak ere azpimarratu zituzten. Hain zuzen ere, 2016. urteko lehengo 10 hilabeteetan %9,5 handitu da istripuen kopurua. Larritasunaren arabera: bajarik gabeko istripuak %11,3 handitu dira; baja arinak, %6,7; hilgarriak, %6.

Arinak eta bajarik gabeko istripuei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira. Urtero igo dira: 2014. urtean, %1; 2015. urtean, %3,5; 2016. urtean, %9,5.

Lan istripu hilgarriei dagokienez, 2013. urtetik %15 handitu dira.

Lan istripu bat, 5 minuturo

Egunero 288 lan istripu jazotzen dira. Edo bestela esanda, 5 minuturo lan istripu bat gertatzen da. Istripu horietako 178k ez dute bajarik eragiten, eta 109k egun bat baino gehiago irauten duen ezintasuna sortzen dute. Sei egunean behin istripu hilgarria gertatu ohi da.

Lanbide gaixotasunak, guztira, %8,2 handitu dira. Egunero 10 bat lanbide gaixotasun sortzen dira. Horietako 6k ez dute bajarik eragiten, eta lauk egun bat baino gehiago eragiten dute.

Kontuan hartzen baditugu egun bat baino gehiagoko ezintasunak sortzen dituzten lan istripuak eta lanbide gaixotasunak: egunero 96 pertsonei ematen diete baja, hots, 15 minuturo langile bati ematen diote baja.

Deigarria da gainera aurten izan diren istripuen hilgarrien herena azpikontratetan izan direla. 

Estatistikek ezkutatzen dutena

Zenbaki hauek ez dira bat etorriko Osalan edo Nafarroako Lan Osasun Institutuak emango dituen datuekin. Izan ere, askotan salatu dute sindikatuek estatistika ofizialek ez dutela errealitatea islatzen, istripu ugari ez dituztelako lan istripu gisa sailkatzen. Horien artean daude autonomo batzuek izaten dituztenak, etxeko langileenak, ezkutuko ekonomian lan egiten dutenenak, garraiolariek lanaldian izaten dituztenak, in itinere batzuk eta Euskal Herrian lan istripua jasan duten arren, baina haien enpresa kanpokoa duten langileenak.

Bestalde, lan harremanetan hedatzen ari den prekarietatearen ondorioz lan ezbeharren gero eta zati handiagoa ezkutuan geratzen ari da. Askotan enpresariak dira istripu hauek estaltzen dituztenak edo "istripu arin" bezala sailkatzen dituztenak, mutualitateen laguntzarekin, hainbat kasutan eta batez ere enpresa handietan, benetako lan istripu kopurua ezkutatu asmoz, langileak baja hartu ordez, beste jarduera batera bideratzen dira. Beste batzuetan langileak dira istripuak ez dituztenak komunikatzen, prekarietatearen ondorioz ziurgabetasun egoeran daudelako.

Hortaz, argi dago gaur egun dauzkagun informazio estatistiko sistemek ez dutela errealitatea islatzen. Eta hala ere, 2016. urteko lehenengo 10 hilabeteetan, baja gabeko lan istripuak, arinak eta hilgarriak areagotu egin dira. Honek agerian uzten du, premiazko neurririk bideratu ezean, datozen urteotan, lan istripuen kopuruak gora egingo duela.