Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Gobernuaren arteko paktua, antzua

Erabiltzailearen aurpegia STEE-EILAS 2014ko ira. 29a, 17:07

Gaur, Hezkuntza Sailak jakitera eman du LOMCE legeaz eta EAEn izango duen ezarpenaz Madrilgo Gobernuarekin akordioa sinatu duela STEE-EILASek salatu nahi du Sailburuak lorpen gisa aurkeztu nahi izana sinaturiko 5 puntuak (haietako 2, soilik, garrantzitsuak), horiek inolako aurrerapenik ekartzen ez dutelako eta LOMCEren garapenak dakarrenaren zati ñimiñoa baino jasotzen ez dutelako. Jaurlaritzak konfrontatu beharrean airea eman nahi izan dio Alderdi Popularraren gobernuari.

Irakurketa interesatuek eginiko adierazpenen gainetik, paktu honek ez dio inolako mesederik egingo euskal hezkuntza sistemari hizkuntza koofizialen esparruan. Esaten du LOMCE ez dela ezarriko atal horretan... aplikatzen ari delako, indarrean dagoen ereduen sistemak legearen eskaera guztiak betetzen baititu. Horren ondorioz, gaurko sistemaren iraupenak ikasle guztien euskalduntzea eta aukera berdintasuna bermatzea oztopatzen jarraituko du. Hezkuntza Sailak, hezkuntza eragile gehienen aldarrikapenari muzin egiteaz gain, atea itxi nahi izan dio aldaketak geroago egin ahal izateari.

Modu berean, sinatutako akordioak, berez, ez du bermatzen ikastetxe publikoetako funtzionamendu demokratikoa. Adostutakoaren arabera, zuzendaritza eta organo kolegiatuen arteko erlazio eta kudeaketaren eredua, Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da, eta aurretik egindako saiakerak (zuzendarien kidegoa sortu nahi izatea) eta egun proposatzen denak (Heziberri proiektuaren eskutik) kezka eta ardura besterik ez digute sortzen.

LOMCE legea martxan da ikastetxeetan Hezkuntza Sailak iskin egin nahi badigu ere eta zoritxarrez, bere utzikeriak LOMCEren gainontzeko neurri atzerakoiak ekarriko dizkigu hurrengo ikasturtean. Ezin dugu ahaztu, neurri hauetako batzuk bereak egiten dituela Heziberri proiektuak, hezkuntza langileen ordezkarien ezkutuan garatzen ari dena.