Uribarriko Korrika Batzordea aktibatzeko ordua heldu da

Erabiltzailearen aurpegia Tanttaka euskara taldea 2017ko urt. 31a, 09:20

KORRIKAren 20. edizioa dugu aurtengoa. Martxoaren 30etik apirilaren 9ra, milaka euskaltzalek Batzuk lelopean, Euskal Herria korrika zeharkatuko dute Otxandion hasi eta Iruñera heldu arte. Korrika 20k hizkuntza, kultura, mundu bat, mundu batzuk, egin bat, egin batzuk dio: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua. 

Uribarrin ere, horrela ulertzen dugu euskara; Euskal Herrian eta auzoan pertsonen artean elkarrekin hitz egiteko hizkuntza eta kultura gisa. Aurreko edizioetan bezala, Korrikak Uribarri zeharkatuko du eta data horien inguruan ekimen ezberdinak antolatzeko helburuz, KORRIKA BATZORDEAN parte hartzeko gonbitea luzatzen dizugu.

Korrika Batzordearen helburua, Korrikaren hasierarekin batera denon artean auzoan kultur astea antolatzea da, eragile ezberdinek egin ditzaketen ekarpenekin (antzerkiak, kalejirak, bertso saioak, umeentzako ekintzak…), edozein aportazio txikirekin ere, nabaritu dadila euskararen eta korrikaren alde egiten dugula Uribarrin.

Bestalde, auzokideen partehartzeari esker, orain dela bi urteko Mosaikoaren arrakasta ikusita, martxoan zehar beste ekintza masibo bat antolatzea itzela litzateke ezta? 

Aurten ere, korrika koloretsu, eta aberatsago bat aterako dugu aurrera! Zuen ideiak eta ekarpenak ezinbestekoak dira! Horretarako gaur, urtarrilak 31, Auzofactoryn egingo dugun Korrika Batzordeko lehenengo bilerara etortzeko gonbitea luzatzen dizugu. 

Animatu, buruak astindu eta parte hartu!