Stop Sanfilippo Fundazioaren aldeko jaia ospatuko dute Zorrotzan

Erabiltzailearen aurpegia zorrotza.info 2014ko mai. 13a, 15:01
Maiatzaren 24an, larunbata, hainbat ekintza antolatu dituzte Zorrotzako Azoka parkean, Stop SanFilipo Fundazioa omentzeko asmoz. Besteak beste, azoka solidarioa egongo da, paella herrikoia eta mus txapelketa. Hala ere beste hainbat ekintza antolatzen daudela jakinarazi dute.

Urtarrilean jakin zuten Zorrotzako auzokideek, Ikerri, bertako ume bati, Sanfilipo sindromea diagnostikatu ziotela. Geroztik, auzokide eta elkarte ezberdinek, behin eta berriz eskatu dute Stop Sanfilipo Fundazioaren aldeko ekimen bat egitea.

Egoera horren aurrean, Zorrotzako Taldeen Koordinakundeak fundazioaren aldeko jai bat antolatu du maiatzaren 24ean. Egingo diren ekitaldien artean azoka solidarioa dago. Bakoitzak egoera onean dituen arropa, jostailu edota bestelakoak Auzo Etxean eta Laguntasuna Merkatarien Elkarteko lokalean, Abaro kaleko 6. zenbakian, utzi ahal ditu maiatzaren 21a baino lehen. Bertan batzen diren gauzak azoka solidarioan salduko dira eta lortzen den dirua fundaziora bideratuko dute.

Horretaz gain, paella herrikoia egongo da jendeak bazkaldu dezan eta ondoren, Mus txapelketa. Hauetaz gain, beste hainbat egitasmo prestatuko dituzte.