Asanblada irekia Santutxuko gazte mugimendua indartzeko

bertonaldizkaria 2012ko mar. 6a, 18:01

Arratsalde osorako egitaraua prestatu du Santutxuko Gazte Asanbladak martxoaren 10ean. “Auzoko gabeziak” eta “gazteen problematikak” identifikatzeko hainbat dinamikaz baliatuko dira. Hitzordua 17:30etan Karmelo plazan ipini dute. Eguraldiaren arabera, bertan edo bestela auzoko AEKn egingo dute asanblada.

Aurkezpen batekin eta bideo emanaldi batekin emango diote hasiera asanblada irekiari. Bideoaren ostean historian zehar Gazte Asanbladak jarraitutako bidea eta landu dituen borrokak aurkeztuko dituzte, horretarako erabilitako lokalekin batera. Jarraian ezagupen jolas bat erabiliko dute “lotsak alde batera uzteko”. Behin lotsak ahaztuta, lan-taldeka dinamikei hasiera emango diete.

Lehenik eta behin, termometroaren jolasa erabiliz, baieztapen batzuk botako dituzte eta ilaran dauden pertsonek ezkerretara edo eskumatara eman beharko dute pausu bat baieztapen horren alde edo kontra kokatuz. Baieztapenak aldez aurretik prestatutakoak dira, eztabaida sustatzeko. Dinamika horrek ordu erdi pasa inguru iraungo du. Ondoren, gerturatutako guztiei post-it batzuk banatuko zaizkie eta horietan partaideentzat auzoak behar duena edo hobetu behar duena idatziko dute. Post-it hauek kutxa baten sartuko dituzte era anonimoan, lotsak tartean ez sartzeko helburuarekin. Kutxako post-itak gaika sailkatuko dira paretan jarritako arbel batetan eta berriz ere eztabaidari ekingo zaio.

Eztabaidak gerta daitezen ziurtatzeko lan-talde bakoitzean dinamizatzaileak egongo dira. Amaitzeko, ateratako ondorioak auzoan islatzeko, pankarta zatiekin kartelak egingo dituzte eta “kalejiratxo bat egiten dugun bitartean kartel hauek auzoko leku klabeetan jarriko ditugu”. Ondoren, Herriko tabernan, luntx bat dastatzeko aukera izango da eta “farra ederra botako dugu bertan, 9:30etatik aurrerako txandak Gazte Asanbladako kideok egingo baititugu. Asanblada honekin, ez dugu egun batez gazteak mobilizatu eta pentsatzera eraman nahi soilik. Gazte Asanbladaren parte izateko gonbitea luzatuko diegu auzoko gazte mugimendua indartzeko helburuarekin”.