Santutxuko gaztetxe berriak erasoak pairatu ditu

bertonaldizkaria 2012ko mai. 7a, 17:13

Gazte Asanbladak jakitera eman duenez, Santutxuko gaztetxeak erasoak izan zituen apirilaren 30ean eta biharamunean. Hala ere, egoera horren aurrean “proiektu berriaren alde indar gehiagoz lan” egingo dutela jakinarazi dute eta gazteria lan egunetan parte hartzera deitu dute.

Apirilaren 21ean Santutxuko gazteek lokal huts bat okupatu zuten auzoan, “gazte mailan ugaltzen ari ziren ekimenak” burutzeko. Proiektu berria abiarazteko eta lokala txukuntzeko hainbat lan egun burutu dituzte azken aldian. Horietako bat maiatzaren 1ean, goizean, izan zen, baina asanbladako kideak Iturriaga kaleko 14. zenbakian okupatu duten txokora heltzean, sarrerako sarraila pasta antzeko batekin estalita aurkitu zuten. Era berean, apirilaren 30ean, gaztetxearen barruan hamar lagun lanean zeudela, dozena erdi udaltzaingo bertaratu ziren behin eta berriz ate joka.

Santutxuko Gazte Asanbladatik azaldu dute, badakitela pertsona bakarra izan daitekeela erasoen erantzule eta ez dituztela “horrelako jarrerak onartuko” lehenengo momentutik inguruko bizilagunei eurekin harremanetan jartzeko bideak eskaini dizkietelako inongo arazorik izatekotan. Gainera, auzokideak haintzat hartuta, lan egunak garaiz bukatzen dituztela jakinarazi dute, “bizilagunak ez molestatzearren”.

Gaztetxearen “lehenengo pausoak zailak” izaten ari direla baina, eraso horien aurrean okupazioarekin abiarazi zuten “proiektuaren alde indar gehiagoz lan egingo” dutela baieztatu dute. Ondorioz, Santutxuko gazteak datozen egunetako lan egunetan parte hartzera deitu dituzte.