Ritxi eta "berak hasitako bidea" gogoratu zuten santutxuarrek

bertonaldizkaria 2012ko aza. 12a, 10:41

Hainbat auzokide haren izena daraman plazan elkartu ziren joan den ostegunean, “Ritxi, eta berak bezala herri honi dena eman dioten lagunak” omentzeko egindako ekitaldian.

Iturria: Branka

50 bat lagun bildu ziren azaroaren 8an Santutxuko Ritxi plazan Ricardo Gomez Goikoetxea Ritxi, Poliziak 1978. urtean tiroz hildako auzokide eta militantea gogora ekartzeko.

Izan ere joan den ostegunean, azaroak 8, 34 urte bete ziren Espainiako Poliziak segada batean Ritxi tiroz hil zuela. Miserikordia Etxeko (San Mames) lorategietan hil zen, poliziengandik ihes egiten saiatzen ari zela. Hesi batekin estropezu egin zuen eta poliziek hainbat tiro jo zizkioten bizkarretik.

Santutxun bildutako lagunek adierazi zutenez, “garai berriak heldu zaizkigu Euskal Herrira eta ezker abertzalea ere bide berri baten murgilduta dago”. Eta haien ustetan, garai berri horiek dira, hain zuzen ere, “Ritxik eta beste euskal militanteek” egindako lanaren ondorioa, “euren ekarpena ezinbestekoa izan baita aurrera egiteko eta gauden lekura heltzeko”.