Aurtengo Euskaraz Bizi Egunaren inguruan (martxoak 17, Donostia) honako iritzi artikulua helarazi digu Uribarriko Euskal Herrian Euskarazek:
Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe, urtebetez
Urtebete inguru pasa izan da Euskal Herrian Euskarazitik “Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe” manifestua argitaratu genuenetik.
Euskal Herrian gauza asko eta oso garrantzitsuak gertatu izan dira urtebete honetan eta gertaera historiko horien ondorioz ekimen politikoak lehengo lerrora igaro dira. Orain, inoiz baino gehiago, herritarron ekarpenak behar ditugu Euskal Herria munduko beste nazio guztien parean ipintzeko.
Duela urtebete, aipatu dugun dokumentuan, euskara eta burujabetasunaren kontzeptuak parekatzen genituen, eta argi esaten zen, ez zela posible izango euskarari eustea gure hizkuntzaren berezko marko juridiko bat ez badugu, eta ez zela posible izango burujabetasuna Euskara ez bada gure herriaren hizkuntza nagusia.
Manifestuan ere aipatzen zen euskaldunok izango garela euskarari eutsiko diogunok, ez dagoela aitzakiarik, debeku eta traba guztien gainetik, euskaraz bizi behar dugula, eta ez dela onargarria euskaltzalea izatea eta erdaraz bizitzea.
Guzti honekin euskararen aldeko borroka, estrategikoa eta lehentasunezkoa dela adierazi nahi dugu. Azkeneko hau ez dago barneratuta euskaldunon artean baina bai estatu frantses eta espainoletan.
Inperio guztiek, okupatutako herrien asimilazio prozesuetan hizkuntza izan da lehengo helburua, hizkuntz aborigenak ezabatu, jatorrizko herriaren nortasuna ezabatzeko, inperioarena ezarriz.
Honetan Espaina eta Frantzia maisuak izan dira, mundu osoan zehar inposatu dituzte euren hizkuntzak, indarraren bidez. Duela gutxi arte euskara debekatuta egon da hego euskal herrian eta gaur egun ere ikusten ditugu nola espainiar politikariak euskararen kontrako neurriak aurrera eraman dituzten, eten gabe, Nafarroakoa izanda argibiderik mingarriena.
Frantzian berriz, debekurik ez baina ofizialtasunik gabeko hizkuntza dugu euskara, horrez gain, baliorik gabeko hizkuntza bilakatu nahi dute. Iparraldeko euskaldun askoren ustetan euskarak ez du ezertarako balio.
Ez dezala inork zalantzarik, Euskararen etsaientzako, Euskararen kontrako borroka estrategikoa eta lehentasunezkoa izan da mendez mende. Euskaldunok ordea, ez dugu lortu kontzientzia maila hori eta jarraitzen dugu gure etsaien arma den hizkuntza erabiliz, askotan Euskal Herriaren izenean. Oraindik ez gara konturatu hobe dela euskara traketsean egindako ekarpen txiki bat, gaztelaniaz edo frantsesez egindako diskurtso handi bat baizik. Barre ederra egiten dute gure lepotik gu geuk gure hizkuntza baztertzen dugunean.
Euskaraz bizitzeko hautua hartzen dugunean ez da folklore kontu bat, Euskal Herria bizirik irauteko hautua egiten dugu, erabaki politiko koherente bat da.
Euskal Herrian Euskarazek urteak eman ditu euskara borroka estrategikoa dela esaten, eta uste dugu hau une ezin hobeagoa dela berriro kontu honen inguruko eztabaida zabaltzeko. Beraz dei egiten dizuegu gurekin batera, Sasi guztien gainetik euskaldun eta burujabe manifestuaren inguruan hausnarketa bat egiteko, gure estrategietan integratzeko asmotan.
Gure hizkuntza, guztien artean, merezi duen lekuan ipiniko dugulakoan, agur bero bat
Uribarriko EHE
Euskal Herrian Euskaraz erakundeak otsailaren 11n argitaratutako dokumentua:
Hizkuntza komunitate minorizatua da euskal komunitatea, Euskal Herrian bizi garen hiru milioi biztanletatik laurdenak baino ez dakigu euskaraz. Euskal hiztun guztiak gara gazteleraz edo frantsesez elebidun, mendetako asimilazio prozesuaren ondorioz euskaldun elebakar gisa bizitzea ezinezko bihurtu ondoren. Gaztelera eta frantsesa bilakatu dira hizkuntza hegemonikoak Euskal Herrian, nazio hizkuntza den euskara menpeko bihurtuz. Horregatik, euskarak betetzen zituen ia funtzio guztiak erdarek betetzen dituztenez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian.
Gurea ez da hizkuntza ordezkatze prozesua pairatzen duen herri bakarra. Munduan ehunka dira galtze bidean dauden hizkuntzak, eta ondorioz kulturak, herriak. Globalizazioak eragina badu ere, ordezkatze prozesu hauen gidariak estatuak dira. Euskal Herrian espainiar eta frantziar estatuak dira ordezkapen prozesuaren erantzule nagusiak. Beraien konstituzioetan argi jasotzen dute zein den hizkuntza hegemonikoa, eta nagusitasun hori mantentzea helburu duten hizkuntza-politikak aplikatzen dituzte.
Erasoak eraso euskaldun izateaz harro, garena izaten jarraitzeko nahia eta gogoa askotan erakutsi dugu euskaldunok. Honi esker, hamaika proiektu sortu ditugu ordezkapen prozesuari aurre egin, eta euskaraz bizitzeko nahiari hauspoa emateko.
Hala ere, asimilazio prozesuak bere horretan jarraitzen du. Euskaldunoi ezberdintasun kontuekin bazterrak nahastea leporatzen digute; garenari uko egin, eta munduko hiritar izateko gonbidapenak jasotzen ditugu etengabe. “Hori suertea nonahikoak diren horiena! Sasi guztien gainetikan dabiltza hegan”. Sasi artean ibiltzea nekeza da, baina ez diogu euskaldun izateari uko egingo. Garenari eutsi behar diogu, munduko hizkuntza eta kultur aniztasunaren ondareari euskararen herri osasuntsuak bere-berezko ekarpena egiten jarrai diezaion.
Euskaldunak burujabe
Hasteko asimilazio prozesuak gugan izan duen eragina onartzea dagokigu. Kontzienteki edo inkontzienteki gure eguneroko hizkuntza praktika sumisoa bilakatu da. Praktika burujabearen aldeko hautua indartu behar dugu hau gainditzeko. Zazpi euskaldun + erdaldun bat=zortzi erdaldun ekuazioarekin amaitu, eta euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika, hain zuzen ere. Honetarako, autoestimua berreskuratu, eta euskaldun izatearen harrotasuna eguneroko jardunaren erdigunean kokatu behar dugu ezinbestean. Eta jokabide aldaketa hau bultzatzeko, euskaraz bizitzeko hautua egiteko, norbanakoaren determinazioa ezinbestekoa da. Baina ezin dugu dimentsio kolektiboa ahaztu. Beraz, euskal komunitateak egin behar du euskaldun burujabe bizitzearen alde.
Euskal Herria burujabe
Sasi guztien gainetik ibili ahal izateko, euskaraz bizitzeko hautua egiteaz gain, lehentasunezko estatusa behar du euskarak bere lurralde osoan. Legeen zein prestigioaren bitartez eraiki beharreko lehentasunezko estatusa. Horretarako, ezagutu beharrekoa zein funtzio guztietarako hizkuntza izendatu behar da euskara. Eta hizkuntza politikaren bitartez alor guztietan nagusi izateko neurriak hartu behar dira.
Baina aldaketa hauek ez daude gure esku. Frantziar eta espainiar konstituzioek ez digute horretarako aukerarik ematen. Horregatik burujabetza behar du Euskal Herriak.
Euskalduna eta burujabea. Biak dira aldaketa hauen oinarriak. Beraz, norbanakoak zein herriak, bakoitzari dagokigunetik, euskaldun eta burujabe izateko determinazioari beste bultzada bat eman diezaiogun, sasi guztien gainetik euskaldunak eta libreak izateko Euskal Herrian.
Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!